Maibi pareko isleta bihurgune bihurtuko da |
Gipuzkoako Urak enpresak ur hoditeria aldatzeko lanak egingo ditu
Astelehenean hasiko dira ur hornidura hobetzeko lanak Bakardade Ama kalean, ondorioz, kalea ibilgailuentzat itxi egingo da. Mozketa, astelehenetik ostiralera 8:00tatik 18:00tara izango da. Ordutegi horretatik kanpo Bakardadeko Ama kalea trafikorako irekiko da. Bide mozketa Bakardadeko Ama eta Mendiko kaleak bat egiten duten ingurutik Portu kalearen bidegurutze ingururaino gauzatuko da. Maibi denda aurrealdean dagoen isleta biribilgune bihurtuko da eta Errekaldetik edo Euskadi etorbidetik doazen ibilgailuei biribilgunean buelta hartu araziko zaie Santa Marinarantz bideratuz. Unibertsitate etorbidetik Portu kalerantz doazenak ere Santa Marinarantz hartu beharko dute halabeharrez.
Trafiko mozketa honek Herribusari zuzenean eragingo dio, Ugarkarde-Errekalde- Kasablanka lineari hain zuzen ere. Obrak dirauten bitartean ibilbide alternatiboa osatuko du erdigunean baina oraindik zehazteke dago. ONCE kabina ondoko TAO aparkalekuak ere bertan behera utziko dira lanek iraun bitartean. Bertan, langileen kasetak jarriko baitira.
Gipuzkoako Urak enpresak ur edangarriaren hoditeria aldatuko du Bakardadeko Ama kalean. Egungo hodiak burdin urtuzko fundizioko hodiez ordezkatuko ditu. Lan hauetarako zorua zulatuko dela aprobetxatuko du udalak argiteria hodi berriak sartu eta kaleko argi puntuak aldatzeko. Amaieran, gainera, Sabadell-Guipuzcoano banketxe atzealdeko espaloia zabalduko da Portu kaletik doanari jarraipena emanez.
Bakardadeko Ama kaleko lanok bi fase izango dituzte trafiko eraginari dagokionean: lehenengoan lanak Urtxin loradendatik Aker taberna parerainoko tartean egingo dira eta ondoren, Aker paretik Txaketua pareraino. Horrek trafikoan beste ondorio batzuk izango ditu baina aurrerago jakinaraziko dira. Gipuzkoako Urak enpresak Bakardadeko Ama kalean egingo dituen lan hauek bi hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da. Hasi, astelehenean hasiko dira eta aipatu trafiko mozketa ere astelehenetik aurrera izango da, egunero, 8:00tatik 18:00tara.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario