Buscar este blog

lunes, 26 de marzo de 2018

Aloña Mendiko ordezkariak maila onean..(2018)

ok magazinea


2018-03-26 11:48:24
MARISOL RAMOS TXAPELDUN TALDEKA ESPAINIAREKIN KROSEAN
Aloña Mendiko ordezkariak maila onean, master mailako pista estaliko Europako txapelketan
Martxoaren 19tik 24ra bitartean jokatu da Madrilen, master mailako pista estaliko Europako atletismo txapelketa. Aloña Mendik lau ordezkari izan ditu inoizko parte-hartze handiena izan duen hitzorduan eta orokorrean, lan ona egin dute guztiek. Marisol Ramosek esaterako, taldeka, eta krosean, urrezko domina eskuratu zuen Espainiako selekzioko ordezkari gisa.

Marisol Ramos izan da beste behin, Aloñako atleta onena master mailako pista estaliko Europako atletismo txapelketan. Hiru probetan parte hartu du eta guztietan, ibili da aurreko postuetan. Astelehenean 3.000 metrokoan, laugarren postuan amaitu zuen lasterketa. Taktikoki oso proba zorrotza izan zen eta 11:22:36 markarekin, bere helburuak bete zituen. Ostiralean berriz, 1.500 metroko lasterketan, dominen lehian ibili zen azken bi itzulietara arte. 3:30 pasa zuten lehen kilometroa eta 5:19:18 denbora eginez, kategoriako Euskadiko errekor berria lortu zuen. Lasterketan baina, zazpigarren postuarekin konformatu behar izan zuen txantxikuarrak.

Larunbatean azkenik, aurreko egunetan pilatutako nekea nabaritu zuen krosean. Hala ere, ibilbide oso gogorra izan arren, sekulako lasterketa egin zuen eta pena handiz, eskuetan zeukan brontzezko domina, azken 300 metrotan galdu zuen. Dena den, meritu handiko laugarren postuan amaitu zuen lasterketa eta taldekako sailkapenean, Europako txapeldun izatea lortu zuen Espainiako selekzioarekin. Puntuaketa lortu zuten hiru atleten artean, bigarren markarik onena eginez.

Jose Luis Garciak (M60) bi proba egin zituen. 1.500 metrokoan, bere serieko bigarren denbora onena egin ostean, Europako txapelketako seigarren postuan (4:58:49) amaitu zuen jardunaldia. Marka pertsonala ezartzeaz gain, bost minutuko langatik jaitsi izana «meritu handikoa» dela adierazi dute Atletismo saileko ordezkariek. Eta krosean, hamaikagarren postuan amaitu zuen lasterketa Aloña Mendikoak.

Javi Gomez (M55) eta Xabi Zabaletak (M35) azkenik, abiadurako probetan parte hartu zuten. Biek ala biek, marka pertsonalak burutu zituzten 60 metroko distantzian. Hala ere, txapelketan egon zen maila handiarez eraginez, egindako markak ez ziren nahikoa izan, kanporaketa erabakiorretan sartu ahal izateko. Gomezek 200 metrokoan ere parte hartu zuen baina lesio baten ondorioz, ezin izan zuen proba nahi bezala amaitu.

Eric Martin 3. Azkoitia-Azpeitian

Asteburuan jokatu den Azkoiti-Azpeiti lasterketan ere, emaitza esanguratsuak lortu dituzte Aloña Mendiko korrikalari gazteek. 8 kilometroko proba motzean, Eric Martinek hirugarren postuan amaitu zuen lasterketa. Iñaki Peña donostiarrarekin batera iritsi zen helmugara eta azken esprintean, donostiarra izan zen nagusi. 27 minutu eta 17 segundutan zeharkatu zuen helmuga Aloña Mendikoak.

Lasterketa berean, Beñat Guridi (00:29:30) eta Eritz Camposek (00:31:31) ere aipatzeko markak egin zituzten.

Ramos eta taldekideak, urrezko dominarekin. Argazkia: Atletismo saila

No hay comentarios:

Publicar un comentario