Buscar este blog

martes, 21 de noviembre de 2017

Elene Guridik Eibarko lehen taldearekin debuta egin du.

ok magazinea

2017-11-21 15:55:52
15 URTE BAINO EZ DITU ETA IGANDEAN ESTREINATU ZEN BARAKALDON
Eibarko lehen taldearekin debuta egin du Elene Guridi oñatiarrak
Elene Guridi Eibarreko futbol jokalari gazteak, aurrerapauso bat gehiago eman du bere kirol ibilbidean. Iaz kadete mailako taldean jokatzen ibili ostean, sasoi honetan, lurralde mailako seniorrera pasa da. Asteburuan baina, lehen taldeaz debuta egiteko aukera izan du txantxikuarrak. Igandean Barakaldon jokatu zuten emakumezkoen bigarren mailako ligako partiduan, neurketako azken hamar minutuak jokatu zituen.

15 urterekin egin du debuta Elene Guridik emakumezkoen bigarren mailan. Eibarrek, Barakaldon jokatu zuen Pauldarrak taldearen aurka, eta armaginak, 1-4 emaitzaz aise nagusitu ziren. Hasiera batean bere betiko taldeaz -lurralde mailako seniorra- jokatu behar zuen Guridik asteburuan, baina larunbat goizean iritsi zitzaion lehen taldeko entrenatzailearen deia. «Iaz lagunarteko bat jokatu nuen beraiekin eta aurten, astean zehar batzuetan beraiekin entrenatzen ari naiz. Baina ofizialki, hauxe izan da nire debuta bigarren maila honetan» esan digu txantxikuarrak.

Guridik azken hamar minutuak jokatu zituen eta normalean antolatzaile edo erdilari lanetan aritzen bada ere, Barakaldon, puntaerdi bezala jokatu zuen: «Bi baloi soilik ukitu nituen. Ez nuen askorako astirik izan. Hala ere, erritmoan eta intentsitatean, garbi gelditu zitzaidan beste maila batean jokatzen nenbilela» onartu digu.

Lehia gainera, ez zen nolanahikoa. Ordura arteko liderra zen Logroñoko taldeak galdu ostean, garaipen batek, lidertza eman ziezaiokeelako talde armaginari. Hori horrela, Pauldarraki irabazitako 3 puntuen ostean, bigarren dago orain Eibar, Logroñorekin 25 puntutara berdinduta.

Lurralde mailan ere lider

Igandeko debuta polita izan bada ere, Guridik hankak lurrean mantendu nahi ditu. «Oraindik oso gaztea naiz eta asko daukat ikasteko. Nire taldea, lurralde mailakoa da eta ez dut lehen taldeaz itsutu nahi. Futbolaz gozatzen jaraitu nahi dut eta aukera gehiago ematen badira, aprobetxatzen saiatuko naiz» esan digu. Gogoratu beharra dago, adinez, oraindik, gazte mailako lehen urteko jokalaria dela Guridi.

Bestelakoan, Lurralde mailako taldea, 3. multzoko liderra da eta Guridirekin batera, Ane eta Eider Egaña oñatiarrak ere, talde horretako kide dira. Anek bost urte daramatza Eibarren eta Eiderren kasuan, Elenek bezala, iaz egin zuen debuta talde armaginarekin. Zortzi partidatan, sei garaipen eta berdinketa pare bat lortu dituzte eta besteak beste, Aloñari 0-1 irabazi zioten, duela hilabete Azkoagainen jokatu zen partiduan.
15 urterekin egin du debuta txantxikuarrak. Argazkia: @JaviUrola

No hay comentarios:

Publicar un comentario