Buscar este blog

miércoles, 10 de mayo de 2017

Ihanire Urteaga Gipuzkoako txapeldun.

ok magazinea


2017-05-09 16:45:27
DEBAKO TRIATLOIAN LAUGARREN IZAN OSTEAN LORTU DU GARAIKURRA
Ihanire Urteaga Gipuzkoako txapeldun sprint distantzian
Deba Xtreme triatloiaren bederatzigarren ekitaldia ospatu zen igande eguerdian. Tenperatura goxoak lagunduta, jende dexente inguratu zen sprint distantziako Gipuzkoako txapelketa gertutik jarraitzera. Emakumezkoen artean, Ihanire Urteagak laugarren postua lortu zuen sailkapen nagusian eta aurreko hirurak bizkaitarrak edo arabarrak zirenez, Gipuzkoako txapelketa Aloña Mendiko triatletarentzat izan zen.

253 triatleta elkartu zituen igandean Debako Xtreme triatloiaren bederatzigarren ekitaldiak. Horietatik 226k lortu zuten proba amaitzea, 7 erretiratu, 5 deskalifikatu eta 15 atleta izan ziren izena emanda zuten arren, lasterketara agertu ez zirenak. Onenak, Mireia Arrillaga eta Pello Osoro izan ziren. Igerian 750 metro, 25 kilometro bizikletan eta 5,2 kilometro korrika osatu behar izan zituzten triatletek, helmugara iritsi baino lehen.

Emakumezkoak izan ziren irteera hartzen lehenak eta hamabost minutu geroago hasi zen gizonezkoen lasterketa. Uretan sartu orduko hasi zen nabarmentzen Ihanire Urteaga. Lehen sektorean azkarrena izan zelarik (00:14:30). Hala ere, Mireia Arrillaga oso gertu irten zen eta trantsizioa egin orduko, lasterketa burua hartu zuen lekeitioarrak. Hori horrela, bigarren postuan ekin zion bizikletako partzialari Urteagak eta Lastur-eko maldetan beste bi postu galdu zituen. Amaia Lopez eta Estefania Gomezek aurre hartu baitzioten.

Bizikletako azken kilometroak eta korrikako azken sektorean laugarren postua defendatzea egokitu zitzaion Urteagari. Bizikletan seigarren partzial onena eginda, korrika erritmoa bizitu eta laugarren denbora onena egin zuen txantxikuarrak 5,2 kilometroko ibilbidean (00:20:52).

Gipuzkoar onena

Podiumeko postua urruti izanik, laugarren postua defendatzea zen helburua. Aurreko atletak bizkaitarrak eta arabarra zirenez, postu horrek Gipuzkoako txapela ematen baitzion txantxikuarrari. Aloñako triatletak ondo estutu zuen azken korrika saioan eta 1:28:58 osatu zuen ibilbidea. 41 segundu atera zizkion Maria Mendibe bigarren Gipuzkoarrari, eta podiuma, Ane Ziaran eibartarrak osatu zuen.

Urteagaren emaitzaz gain, Beñat Ormaetxea taldekideak ere lan bikaina egin zuen junior mailan. Lasterketan zein Gipuzkoako txapelketan, bigarren postua eskuratu baitzuen.

Etorkizuna ilusioz

Asteburuan Gipuzkoako txapeldunaren saria irabazi du Ihanire Urteagak. Baina gogoratu beharra daukagu, aurretik, duela hamabost egun, Larragako (Nafarroa) duatloia ere irabazi zuela. Urte eta erdi soilik darama triatloi munduan eta emaitzak lortzen hasi bada ere, oraindik «ikasten» ari dela onartu berri digu.

Aurrera begira baina, egutegia ondo definituta dauka Urteagak. Igandean Hondarribiako triatloia egingo du eta ondo bidean, Gorliz, Lekeitio eta Pasai Donibaneko probak izango dira hurrengo geltokiak.

Urteaga, Debako triatloian. Argazkiak: Naike Ereñozaga Orue


No hay comentarios:

Publicar un comentario