Buscar este blog

domingo, 16 de febrero de 2025

KONPONKETA LANAK EGITEN ARI DIRA KULTUR ETXEAN.

 

Hainbat konponketa lan egiten ari dira Kultur Etxean.

22025702/14.



Galdara aldatu da, lorategi aldeko miradorea zaharberritu da eta erakusketa gela intsonorizatuko da

  Urtarrilean 22 urte bete ziren Kultur Etxe berritua ireki zenetik. Orduan jarri ziren hainbat tresnek eta egin ziren hainbat lanek arazoak sortu dituzte azken hilabeteotan eta konpondu beharra izan da. 

  Galdara, esaterako, matxuratu egin zen eta konpontzeko behar zen pieza merkatutik erretiratuta zegoela eta topatu ezinda, galdara berria jarri behar izan da. Pasa den astean ekarri eta instalatu zen galdara berria. Urtarrilean zeroz azpiko 7 egun erregistratu ziren Oñatin, justu, Kultur Etxeko galdara matxuratuta egon zen egunetan. Azterketa garaia zen eta ikastera joan ohi den erabiltzaileen kopurua gutxitu egin zen, liburutegian hotz handia egiten baitzuen, eraikineko gainontzeko areto eta geletan bezala. 

  Gabonen bueltan, berriz, eraikinaren atzealdean dagoen miradorea zaharberritu zuen Ugarte eraikuntza enpresak. Lorategi aldera dagoen begiratokiaren egitura egurrezkoa da eta uraren eraginez hondatuta zegoen; goialdean duen izarraren oinarria zulatuta zegoen gainera, eta euri ura barrura sartzen zen, egitura barrutik ere kaltetuz. Miradorearen egitura eta leihoak lixatu eta lakatu dira, goialdean estalkia zinkezko erretiluen bidez estali da eta izarraren kokapena pitin bat aldatu da, miradorearen egur-egituratik berezituz. 

  Horiek guztiak azken asteetan Kultur Etxean egin diren lanak. Epe motz-ertainean erakusketa gelan ere esku-hartuko da eta aretoa intsonorizatuko da. Lanak egiteko aurrekontuak eskatu dira eta esleipena datozen egunetan gauzatzea espero da. 

  Kultur Etxea guztiz berrituta 2003ko urtarrilean ireki zen. Eraikinaren kanpoko paretak, leiho eta pertsianak 2019an margotu ziren, aldamenean eraiki zen etxebizitza amaitu zenean, baina ez da bestelako lan garrantzitsurik egin orain arte.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario