Oñatiko energia merkaturatzailea sortzeko prozesuari hasiera eman dio Udalak
Oñatik energia merkaturatzeko burujabetza eskuratu nahi du; herrian sortutako energia oñatiarrek modu zuzenean kontsumitzea posible egingo duen Oñatiko energia merkaturatzailea eratuko da. Lehen urrats moduan, eta epe motzean, Bidebarrietako bulegoak CHC Energíaren egoitza komertzial izateari utziko dio eta ez da haren aurrez aurreko zerbitzurik emango. Horrek ez du esan nahi herritarrek CHC Energíarekin dituzten argindar kontratuak etengo direnik edo herritarrak argindar barik geratuko direnik, egungo bulegoak CHC Energíari loturiko arreta eskaintzeari utziko diola, soikik.
Oñati eta beste udalerri batzuk batzen dituen merkaturatzailea da CHC Energía, 2009an sortua, eta 2023az geroztik, Repsol bazkide nagusi duena, akzioen %50,01rekin. Ondorioz, erabakiak hartzeko bazkide txikiek lehendik zuten aukera murritza gehiago mugatu da. Horregatik eta energia berriztagarrien alde egin duen apustuagatik erabaki du Udalak CHC Energía merkaturatzailearekin lotura eten eta bertako merkaturatzailea sortzea. Urrats garrantzitsua da Oñatiren burujabetza energetikoan eta energia berriztagarrietan izango duen eraginagatik. Izaro Elorza alkatearen esanetan energia merkaturatzailearen sorrera oinarrizko zerbitzu bat herriratzeko beharrezko ekimena da eta posizio hobean jarriko du Udala herritarren behar energetikoei modu eraginkorrean erantzuteko, ziurgabetasun garaietan, espekulazio eremuetatik urrundu eta ziurtasuna eskaintzeko. Oñati energiaren alorrean erreferente bihurtuko duela azpimarratu du alkateak.
Merkaturatzaile berriaren helburu nagusietako bat da herritarrei energia %100 berriztagarria eskaintzea. Urteetan argindar sektorean pilatutako esperientzia eta jakintzari esker, arreta zuzena eta pertsonalizatua eskaintzen jarraituko da, gertutasuna eta gardentasuna oinarri hartuta, herritarren beharrak betez. Datorren astetik aurrera, eta Oñatiko merkaturatzaile propioa sortu bitartean, %100 berriztagarria izango den energia prezio justuan eskuratzeko aukera egongo da, Goiener kooperatibaren bitartez. Horretarako, kontratu berri bat sinatu beharko da, orain arteko merkaturatzailea aldatuz. Bidebarrietako energia bulegoan eta digitalki egongo da tramitea egiteko aukera. Zalantzak argitzen ere lagunduko dute bulegoan.
Baina herritarren zalantzak argitu eta prozesuaren inguruko informazioa emateko hiru saio ireki antolatu dira datorren asterako. Saioak leku eta egun desberdinetan egingo dira, herritar orok bertaratzeko aukera izan dezan. Aldibereko itzulpen zerbitzua ere egongo da. Datorren asteartean, otsailaren 18an egingo da lehen saioa, 18:30ean, Kultur etxean. Hurrengo egunean, ordu berean, Eltziako 3. solairuan izango da bigarrena, eta otsailaren 20ean, hirugarrena, Zubikoa kiroldegian, 10:00etan. Herriko komertzioetarako saio berezia antolatu da eta horretarako gonbidapenak bidali dira jada.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario