Buscar este blog

domingo, 25 de noviembre de 2018

Kongresua borobilduta, ospakizunen txanda.

goiena

Liburu Zuriaren oinarriak, "Euskal Herriaren etorkizuna hobetzen" lagunduko dutenak, aurkeztu zituen Eusko Ikaskuntzak atzo, Geroa Elkar-Ekin kongresua borobiltzeko saioan. Gaur, berriz, mendeurrena ospatzeko ekitaldi instituzionala egin dute, eta Oñatin izan dira, besteak beste, Jean Rene Etxegarai, Uxue Barkos eta Iñigo Urkullu. Arratsaldean, berriz, Hamaika amaren seme (alaba) antzerki emanaldia izango da Santa Ana antzokian.
Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua ondo borobilduta gelditu zen atzo. "1.100 pertsonek hartu dute parte, eta oso pozik gaude. Guztion lana izan dela aldarrikatu gura genuen, eta uste dut hori argi geratu zela atzoko saioan. Garbi genuen azken saioa Oñatin egin behar genuela, eta hala izan da. Gainera, babes handia eduki dugu, Oñatiko Udalaren, parrokoaren eta herriaren aldetik", adierazi du Xabier Alkortak, kongresuko eta mendeurreneko lehendakariak.
Gaurko ekitaldi instituzionalari dagokionez, plazan eman zaio hasiera. Ordezkaritza zabala batu da, eta talde argazki erraldoia atera dute lehenik. Debagoieneko zenbait alkate ere izan dira, hala nola, Maria Ubarretxena (Arrasate), Elena Lete (Bergara), Lierni Altuna (Aramaio), Beñardo Kortabarria (Antzuola) eta Iraitz Lazkano (Elgeta).
Ondoren, duela 100 urte egin moduan, Soka Dantza egin dute. Hainbat agintarik hartu dute parte, eta Oñatz dantza taldekoen laguntzarekin burutu dute saioa. Ostean, Eusko Ikaskuntzako bazkide gazteena eta zaharrena omendu dituzte.
Ekitaldiaren bigarren zatia San Migel parrokian izan da, eta honako hauek hartu dute hitza: Mikel Biain Oñatiko alkatea, Xabier Alkorta kongresuko eta mendeurreneko lehendakaria, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Bestalde, Ana Urkizak, Sho Ahiok eta Argitxu Etxandiak irakurri dute Eusko Ikaskuntzaren 2018ko adierazpena.
Ekitaldian zehar, Gontzal Mendibilek Bagare abestia jo du, Donostiako orfeoiaren laguntzarekin. Azken hauek, gainera, hainbat abesti kantatu dituzte hasieran, eta bukaeran Agur jaunak ere bai.
Azkenik, Arizkungo dantza taldeak emanaldia eskaini du. Duela 100 urte Oñatin izan ziren, eta mendeurreneko ospakizunetara ere gonbidatu gura izan dituzte. Arratsaldean, 18:30ean, Hamaika amaren seme (alaba) antzerki emanaldia izango da Santa Ana antzokian.

No hay comentarios:

Publicar un comentario