Artxibo funtsa Ibarra zelaiko eraikinera aldatzen ari dira eta hilabete beharko da lekualdaketa gauzatzeko
Ekainean jaso zuen Foru aldundiak Gipuzkoako Probintziako Artxibo historikoaren kudeaketa. Orduan jada iragarri zen Oñatin dauden bi artxiboetako funtsak bat egin eta biak Ibarra zelaiko eraikin berrian biltzeko asmoa. Aurrerantzean beraz, Oñatikoa Gipuzkoako Artxibo Historikoa izango da eta probintziako protokolo historikoak ere bertan gordeko dira.
Atzo bertan hasi ziren unibertsitate zaharrean gordetzen zen dokumentazioa lekuz aldatzen eta ondorioz, artxiboa bera itxi egin zen. Hilabete beharko da protokoloen artxiboko funtsa Ibarra zelaiko eraikinera eraman eta egoki jarri ahal izateko. Horregatik, abenduren 5a arte ezin izango dira artxibo honetako dokumentuak kontsultatu. Bertara joan ohi ziren ikerlariei mezu elektroniko bidez jakinarazi zitzaien behin behineko itxiera eta leku aldatze honen berri.
Estatuko administrazio periferikoari dagozkion Gipuzkoako dokumentuak, familia eta ondarezko funtsak eta merkataritza eta enpresa funtsak ziren orain arte Ibarra zelaiko Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan gordetzen zirenak. Baina abendutik aurrera, XVI. mendetik 1915era arteko notario funtsak, 1768tik 1862ra arteko Gipuzkoako hipoteka kontularitzen funtsa eta Sancti Spiritus unibertsitatearen artxibo eta liburutegia ere gordeko dira.
Lekualdaketa honekin 2002-2003 artean eraiki zen ia 5500 metro karratuko ekipamenduari erabilera arrazionalagoa emango zaio, orain arte, infraerabilita egon baita. Pentsa, 19 kilometro dokumentu gordetzeko edukiera du, baina orain arte gehiena hutsik zegoen. 40 lagunentzako lekua duen 250 m2-ko irakurketa gela du, 300 m2-ko erabilera anitzeko espazio bat eta 45 m2-ko bi areto txiki, erabilera didaktikoetarako. Agiriak zaharberritzeko tailer handi bat, erakusketa gela eta hainbat instalazio osagarri ere baditu.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario