Buscar este blog

miércoles, 18 de abril de 2018

HELDU DA BENETAKO ORDUA..(2018)

Heldu da abuztu amaieratik Fagor Industrial Aloña Mendiko mutilek egutegian gorriz borobilduta zuten asteburua. Liga erregular gorabeheratsu bat burutu ostean, denboraldi hasieran helburu nagusitzat zuten Euskal Ligako Igoera Fasea jokatuko dute asteburuan Arrasateko Iturripe Kiroldegian.

Euskal Ligaren nolakotasuna azaltzerako garaian, hitz bakarra datorkigu gomutara: berdintasuna. Basauri lider sendo gisa azaldu da lehen unetik, eta hirugarren urtez jarraian eskuratu dute titulua. Bizkaitarren atzetik, baina, borroka handia izan da faserako postuak eskuratu nahiean. Arrasate, Zarautz, Hondarribia, Urdaneta, Urduliz, Ordizia… talde ugari aritu dira Aitor Aranburuk zuzendutakoarekin batera goiko postuetan, eta azken sailkapeneko puntu diferentzia laburrek taldeen arteko maila antzekotasuna agerian uzten dute. Datu gisa, asteburuan lehiatuko diren lau taldeen artean 3 puntuko aldea soilik izan da 30 norgehiagoka jokatu ostean.

Ilusioz eta baikortasunez ari dira entrenatzen oñatiarrak azken egun hauetan. Jakitun dira urtean zehar ez dutela pasa den denboraldiko sendotasun eta erregulartasunik erakutsi, baina bi norgehiagoketan erabakiko da nork lortuko duen Espainiako Igoera Fasea jokatzeko txartela. Kale edo bale. Fasera joateko bi lehiak irabazi behar dira, ez dago beste aukerarik.

Larunbatean eguerdiko 13:00ean izango dute lehen zita, eta ez nolanahikoa gainera. Finalaurrekoan Debagoieneko derbia ikusteko aukera izango dute Iturripera gerturatzen diren zaletuek. Elkar ondo ezagutzen duten bi talde dira oñatiarra eta arrasatearra. Zerrajeroek defentsa sendoan eta esperientzian oinarritzen dute beraien jokoa; gorritxoek, aldiz, trantsizio azkarrak eta bizitsauna dute bertute nagusitzat. Denboraldian jokatutako bi lehietan arrasatearrak izan dira nagusi, eta Aranbururen mutilek badute errebantxa gogoa. Plaza eta une ezinhobea dute horretarako. Eutsi goiari mutilak, eta erakutsi dakizuena kantxaren gainean!

Lerro hauen bitartez larunbatean Iturripera joateko gonbita luzatzen dizuegu. Denboraldi guztian zehar Zubikoa jendez lepo izan da bi astean behin, eta kantxan Igoera Fasea Oñatin izatea lortu ez den arren, ea Arrasateko harmailetatik mutilak Oñatin jokatzen ariko balira gisan sentiarazten ditugun! Animatu!

Aupa Aloña!
La imagen puede contener: 9 personas, texto

No hay comentarios:

Publicar un comentario