Buscar este blog

domingo, 3 de diciembre de 2017

Oñatiko kirol sariak 2017.

ok magazinea


2017-11-29 10:41:28
IHANIRE URTEAGA, XABI LETE, JON ALTUBE ETA NEREA DIAZ DIRA IZENDATUAK
Lau hautagai, 2017ko herritarren kirol sarietarako
Urteko azken hilabetean sartzearekin batera, badatoz beste behin Oñatiko Kirol Sariak. 2017an zehar nabarmendu diren kirolarien, eta kirolaren inguruan lan egiten duten eragile, teknikari eta laguntzaileen lana eta esfortzua aitortu nahi du udalak ekitaldi honen bitartez. Guztira zortzi sari emango dira abenduaren 22an ospatuko den sari-emate ekitaldian. Herritarren sariko bozketa, astelehenean irekiko da.

Bosgarren urtez, herritarren saria ere emango da aurtengo ekitaldian. Oñatiarrek urteko kirolaririk onena hautatzeko aukera izango dute, epaimahaiak proposatu dituen lau hautagaien artean. Iaz Xabier Gordoa igerilariak irabazi zuen saria, eta aurreko ekitaldietan, Saioa Arkonada, Iokin Garai eta Josune Odriozola izan ziren herritarren babesa jaso zuten kirolariak.

Aurtengorako baina, lau kirolari proposatu ditu epaimahaiak. Ihanire Urteaga triatleta, Xabi Lete mendi lasterkaria, Nerea Diaz igerilaria eta Jon Altube txirrindularia. Laurek denboraldi bikaina burutu dute eta orokorrean, emaitza esanguratsuak lortu dituzte.

Hautagaien merituak

Lau izendatuek hainbat meritu egin dituzte urtean zehar eta herritarrek, astelehenetik aurrera izango dute bozka emateko aukera. Hona hemen bakoitzaren urteko emaitzarik esanguratsuenak:

Ihanire Urteagak (Oñati, 1987) denboraldi bikaina osatu du triatloian. Kirol honetan nahiko berria izanik ere, maila oso onean aritzeko gaitasuna duela erakutsi baitu. Besteak beste, Sprint distantziako Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen maiatzean Deban. Pasai Donibaneko proban ere podiumera igo zen maila profesionaleko bi Australiarren atzetik helmugaratu ostean eta urtea borobiltzeko, ekainean Espainiako txapelketan lehiatzeko aukera izan zuen Euskal Selekzioaz.

Xabi Lete (Oñati, 1986) izan da amaitzear den urte honetan, asko nabarmendu den beste kirolari bat. Lehiatu dituen lasterketa guztietan ibili da aurrean baina lorpen bat nabarmendu behar bazaio, Euskal Kopa konbinatua irabazi izana da. Honekin batera, Benaskeko Trail2Heaven izeneko lasterketa ere irabazi zuen Letek, irailean.

Nerea Diaz (Oñati, 2000) ez da berria sariketa honetan. Izan ere, 2015ean, epaimahaiaren aipamen berezi bat jaso zuen Aloña Mendiko igerilari gazteak. Eta bere ibilbidean goraka jarraitzen duenez, aurten ere herritarren saria irabazteko hautagaitzan sartu dute. Gipuzkoa eta Euskal Herri mailan, bere adineko igerilari garrantzistuetako bat da txantxikuarra eta 17 urte soilik dituen arren, 12 dituenetik, ez du hutsik egin Espainiako txapelketa batean. 

Jon Altube (Oñati, 1980) berriz, aurtengo izendatuetan nagusiena da. Bere puntu indartsuena bizikleta bada ere, oso kirolari konpletoa eta erregularra dela erakutsi du. Bizikleta gainean ez ezik, beste hainbat modalitatetan ere, maila bikaina eman baitu. Apirilean mendi eskiko Euskadiko podiumera igo zen. Gorka Otamendi herritarrak irabazi zuen sailkapen nagusi horretan, hirugarren postua eskuratu baitzuen Altubek. Gerora, urrian Arabako BTT Challengea irabazi zuen eta bere azken lorpena duela aste gutxi iritsi da. Saioa Arkonada emaztearekin batera, Euskal Herriko mendi duatloia irabazi baitute, erreleboetako modalitatean.

Bozketa zabalik 20ra arte

Lau izendatuen merituak azalduta, azken erabakia, herritarrena izango da. Astelehenean irekiko da bozketa eta abenduaren 20ra arte, botoak emateko aukera egongo da udalaren webgunean. Bozka ematen duten guztien artean, bi lagunentzako afaria zozketatuko da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario