Buscar este blog

martes, 4 de abril de 2017

50. urteurreneko ekintzak.

OK MAGAZINEA


2017-04-04 16:14:21
DOKUMENTAL BATEAN JASOKO DUTE PILOTA SAILAREN HISTORIA GUZTIA
50. urteurreneko ekintzak aurkeztu ditu Aloñak
Sasoi betean ospatuko du Aloña Mendiko Pilota sailak 50. urteurrena. Urrezko ezteiak betetzen ditu aurten elkarteko hirugarren sail nagusienak, eta larunbateko aurkezpen ekitaldian ikusi zenagatik, iragana, oraina, baina batez ere, etorkizun oparoa duen saila da pilotariena. Erakusketak, hitzaldiak, dokumental bat eta bazkari herrikoi bat iragarri dituzte, besteak beste.

Mende erdi ez dira egunero betetzen. Urrezko ezteiak behar bezala ospatzeko beraz, egitarau oparoa aurkeztu zuen larunbatean, pilota sailak, Zumeltzegi Dorreko jatetxe nagusian. Plazako eta Zubikoako pilotalekuak bizkarrean zituztela egin zuten agerraldia eta gaur egungo pilotari eta ordezkariak ez ezik, sailaren historian pisu nabarmena duten bi pertsona izan zituen alboan Josu Osa koordinatzaileak. Alde batean, Julian Dorado pilota saileko alma materra, eta bestean, Joxe Ramon Azkoitia. Elkarteak historian eman duen pilotari profesional bakarra.

Guztien artean idatzi dute historia berezi hau eta lehengoek, zein oraingo ordezkariek, urtemugarako propio grabatzen ari den dokumentalean bere lekutxoa izango dute. 25. urteurrenean liburu bat egin bazen, oraingo honetan, ikus-entzunezko baten aldeko apustua egin nahi izan baitute saileko arduradunek.

Ekintza ugari

Urteurreneko ospakizunak, duela aste batzuk abiatu ziren Abel Barriolaren agurreko jaialdiarekin. Aurrera begira baina hitzordu ugari egongo dira. Maiatzaren 29an hasita, pilotari eskainitako aste bat egingo dute. Erakusketak, hitzaldiak eta "Pilotaren Eguna" ospatuko dute ekainaren 3an. Tailer, joku, erakustaldi eta emakumezkoen txapelketa batek osatuko dute jardunaldi berezia.

Urteurrenerako egindako elastiko bereziak ere aurkeztu zituzten larunbatean eta dagoeneko, salgai daude Aloñan eta Zubikoan. 20€ktan elastiko basikoa, eta 25€ balioko ditu lepodunak.

Maiatzaren 27rako bestalde, pilotari ohien elkarretaratzea egin nahi dute. Horretarako, sailetik pasa diren guztiei, deialdi berezia egin nahi izan zieten larunbateko prentsaurrekoan. Ekintza guzti hauek, kirol arloko egunerokoa ahaztu gabe landu nahi dituzte, gainera. Dudarik gabe, 2017a pilotaren urtea izango da Oñatin eta urte guztiotan gora-beherak izan badira ere, inoiz baino indartsuago dagoen saila da pilotariena.

Prentsaurrekoan esan zirenak entzun nahi izatera, sakatu beheko podcastean:


Iragana, oraina eta etorkizuna ditu Pilota sailak

No hay comentarios:

Publicar un comentario