Buscar este blog

martes, 9 de abril de 2024

TXINPARTA BERTSO ESKOLAKO BOST KIDE ETA OÑATIN SAIOA, GIPUZKOA BERTSOTAN- EN HARIRA.

 

2024/04/09.




Udazkenean jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea da Gipuzkoa Bertsotan

  74 bertsolarik parte hartuko Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean. Horietatik bost Txinparta bertso eskolako kide dira: Maider eta Urko Arregi Markuleta anai-arrebak, Aitor Tatiegi Loidi, Urko Egaña Calderon eta Jon Mata Etxaniz. Egaña, azpeitiarra eta Mata, antzuolarra dira jatorriz, baina Oñatiko bertso eskolan ari dira.

  Apirilaren 25ean eta Eskoriatzan abiatuko da Gipuzkoako bertsolari txapelketarako sailkapen fasea eta ekainaren 2an amaituko da Hernanin eta Soraluzen. Tartean, 20 saio jokatuko dira, bi itzulitan. 74 bertsolari hasiko dira lehen itzulian, 48 sailkatuko dira bigarrenerako eta horietako 34k jasoko dute udazkenean abiatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako txartela. Lehen itzuliari dagokion azken kanporaketa Oñatin jokatuko da, maiatzaren 17an. Beraz, bertan ezagutuko da bigarren itzulira pasatzen diren bertsolari guztien izena.

  Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea Eskoriatzan hasiko da eta bertan kantatuko du Txinparta bertso eskolan diharduen Jon Mata antzuolarrak, apirilaren 25ean. Hurrengo egunean, Gabirian, herriko hiru ordezkari izango ditugu: Aitor Tatiegi, Maider Arregi eta Urko Egaña. Urko Arregik, berriz, Getarian kantatuko du, maiatzaren 9an.

  Lehen itzuliko 12 saioak ostegun eta ostiraletan jokatu dira. Bigarren itzulia, aldiz, 8, larunbat eta igandeetan jokatuko da eta horetako bi ere eskualdean izango dira: Antzuolan eta Elgetan.

  Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bi ardatz nagusiren bueltan kokatu du aurtengo Gipuzkoako Txapelketa. Batetik, pandemiaren ondoreneko berraktibazio testuinguruan eta haurren bertso eskolen 50. urteurrenaren testuinguruan. Leintz bailarakoa izan zen lehen bertso eskola eta horregatik erabaki da Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea Eskoriatzan abiatzea.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario