Buscar este blog

lunes, 11 de mayo de 2020

Aloña Mendik ohorezko erregional mailan jokatuko du datorren denboraldian.(2020)

goiena





Aloña Mendiko futbol sailak berri pozgarria izan du gaur: Gipuzkoako futbol federazioak 2019-2020 denboraldia bukatutzat eman du, eta ondorioz Aloña Mendi mailaz igoko da. Ohorezko erregional mailan jokatuko dute oñatiarrek 2020-2021 denboraldian.
"Pozik gaude, oso pozik", azaldu du Aloña Mendiko entrenatzaile Endika Ruizek. Aste "luzea" izan dela nabarmendu du, "informazio askokoa", baina gaur erabakia ofizial egin denean pozik hartu dutela berria: "Nahiago genuke denboraldia zelaian amaitzea, hori izango litzateke bidezkoena; baina, pozik gaude hartu duten erabakiarekin".

Kamisetak balkoian jartzeko deia

"Egoera xelebrea" dela gaineratu du eta ondorioz, ezin izango dutela ospakizunik egin: "Oraingoz ez dugu ospakizunik egingo. Gure saria izango da datorren denboraldian ohorezko erregional mailan egotea, Aloña Mendik merezi duen tokian". Hala ere, egoerak aukera ematen dien momentuan ospatuko dutela gaineratu du Ruizek.
Futbol saileko zuzendaritza taldeak dei egin die herritarrei balkoietan Aloña Mendiko kamisetak jartzeko, eta modu horretan ospatzeko igoera.

Igoerak bai, jaitsierak ez

Martxoaren 8an eten zuten liga; bada, orduko sailkapena hartu dute kontuan ze taldek igo erabakitzeko. Orduko egoera kontuan hartuta, Aloña Mendi sailkapeneko lehenengo postuan zegoen 53 punturekin eta bigarrenarengandik 7 puntuko aldearekin. "Ohorezko erregionalean bi multzo gaude: gure multzotik gu igoko gara eta beste multzotik Allerru", dio Ruizek. Federazioak igoerak gauzatuko ditu; baina, ez, ordea, jaitsierak. Modu horretan, Antzuolak mailari eutsiko dio: sailkapeneko 15. postuan daude 20 punturekin.

Areto futbola

Aloña Mendiko areto futbol saila ere ospakizunetan dago: talde nagusia hirugarren mailatik bigarren mailara igo da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario