2019-08-17/18, Larunbata-Igandea.
Udako eguraldi ederra kanpoan utzita bueltatu gara Lizartzara asteburuan. Badugu gogoa sifoira bueltatzeko, saiakera bat egiteko ez bada ere. Hirukotean gustu guztietako esperantzak: Batek baietz, besteak ezetz, eta hirugarrenak ez duela ezagutzen.
Oporraldia izango da agian baina ohikoa baino beranduago sartu gara oraingoan eta ohikoa baino motelago heldu gara kanpamendura. Lasaitu ederra hartu dugu kanpamendua egoera onean aurkitzean. Aurrekoan presaka inprobisatutako kanpamendua jarri genuenaren sentsazioarekin irten bait ginen. Badirudi ez genuela hain gaizki jarri ordea!
Badirudi eskaladetan pentsatzen hasi beharko dugula. Galerian bueltan goazela lehenengo batekin saiatzen gara. Erreza dirudi eta ez digu denbora asko eramango. Goian beste pisu bat izan daitekeena ikusten da. Baina badirudi hemendik ere ez dela. Beste bi “leiho” behintzat argi ikusten dira galerian baina hauek beste baterako utzi eta kanpamendura bueltatuko gara.
Gaueko 23:00 aldera epeletan gaude zopa beroa eta Fabada Asturiana “sakramentala” jaten.
Igandean, hasieran eskalada bat egiteko asmoa izan badugu ere, beste lan batzuetan igaro dugu goiza. Erreka oso gertu dugu eta ez dakigu zenbateko altuera hartuko duen euria gogoz hasten denean. Denda gorago jartzea nahi dugu, baina horretarako lurra leuntzen badugu lana! Goiza joan zaigu lan horretan baina beste metro bat irabazi diogu erreka mailari eta dendan leku gehiago lortu dugu baita; beste pertsona batentzako lekua! Orain lasaiago lo egingo dugu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario