2017-03-06 14:20:03
56 HERRITARREK PARTE HARTU ZUTEN ATZO LASTERKETAN
Oñatiar ugari, aurtengo Lilatoian
Lilatoiak bere 28. ekitaldia ospatu zuen atzo goizean Donostian. Emakumezkoen lasterketa herrikoiak milaka lasterkari elkartu zituen beste behin Gipuzkoako hiriburuko kaleetan barrena eta goiz partean giroak asko lagundu ez bazuen ere, festa itzela izan zen.
Martxoko lehen igandea iristearekin batera, Lilatoiaren ekitaldi berria jokatu zen Donostian. Atzokoa, dagoeneko, 28.a izan zen eta guztira ia 5.000 emakume inguru batu ziren lasterketara. Iaz baino 700 parte-hartzaile gehiago zenbatu dira aurten eta horrek, agerian uzten du emakumearen garrantzia gaur egungo edozein kirol ekitaldietan. Azken lau urteetan %46 handitu da proba honen inskripzioa.
«Emakumeen garrantzia kirolean zein gizartean gero eta handiagoa da eta, horrenbestez, berdintasuna lortuko da. Eta hori da, hain zuzen ere, lasterketaren helburu nagusiena», adierazi zuen antolakuntzak ohar baten bidez. Aurtengo izen-ematearen zati bat desgaitasuna duten Verdini Dantza Taldea laguntzeko izan da gainera.
Oñatiar ugari
Urteroko legez, Euskal Herriko puntu ezberdinetatik iritsitako korrikalari ugari batu zen festara eta Oñatiko ordezkaritza, beste behin, aipagarria izan zen. 56 emakumek amaitu zuten proba eta azkarrena, Amaia Ugalde izan zen. Iazko datuekin alderaketa eginez gero, gurean ere nabarmen igo da izena emandakoen zenbakia. Iaz, 35 lehiakide izan baitziren.
+ Oñatiarren sailkapena [hemen].
Lasterketa berezi honetan parte hartzen duten gehienek baina, erreibindikazio eta festa gisa egiten dituzte antolakuntzak markaturiko bost kilometroak. Lehian ibili zirenez gain, kanpoan ere herritar ugari elkartu baitzen kirolariak aupatzera.
Oñatiar talde bat, atzoko lasterketan. Argazkia: Ruper Arkauz. |
No hay comentarios:
Publicar un comentario