2017-03-08 11:05:31
JON CASAIS ETA XABI ALTUBE 2. IZAN ZIREN GABIRIAKO RALLYSPRINTEAN
Podio bat denboraldiari hasiera emateko
Automobilismo lasterketak bueltan dira. Igandean hasi zen denboraldia Gabiria-Legazpiko Rallysprintarekin eta beste behin, Oñatiko ordezkaritza maila oso onean aritu zen. Gehien nabarmendu zirenak, Jon Casais eta Xabi Altube izan ziren. Renault Megane F2 autoarekin, sailkapen nagusiko bigarren postua eskuratu baitzuten.
Enrique Barrenetxea-Arando eta Anartz Onandiak, nagusitasun handia erakutsi zuten igandean, 19. Gabiria-Legazpi Rallysprintean. Hiru erlojupekoak irabazi zituzten, Mitsubishi Evo IX autoarekin eta dagoeneko, bigarren urtez eraman dute Goierriko proba entzutetsua. Euskal Herriko auto lasterketen egutegiko lehenengo proba izan zen, eta urteroko legez, jendetza bildu zen Gabiriatik Legazpirako errepidean.
51 autok hasi zuten proba eta arratsaldea aurrera joan ahala, errepidearen egoera zailtzen joan zen. Hori horrela, arazo ezberdinak tarteko, 38 autok soilik bukatu zuten lasterketa. Guztien artean, Barrenetxea-Arando eta Onandia izan ziren azkarrenak. 14:07,16 minutuan osatu zuten ibilbidea eta ia 23 segunduko aldeaz nagusitu ziren Casais-Altube (Megane F2000) oñatiarren aurrean. Podiuma, Antxustegi-Arruti (Suzuki Swift Sport) bikoteak osatu zuen.
+ Sailkapen ofizialak [hemen].
Ilusioz gainezka
Gabirian lorturiko bigarren postuak ilusio handia piztu du bikote txantxikuarrarengan. Iaz Euskal Zirkuituko garaile izan zen bikotearen atzetik, baina gertu daudela ikusteak, indarra emango baitie gainontzeko probei begira. 1994 urtean Copa ZX txapelketako txapeldun, Euskadiko rallyetako txapeldun eta Citröen etxeko pilotu ofiziala izan zena gogotsu itzuli baita.
16 urtez geldi egon ostean, iaz itzuli zen lehiaketetara Casais. Bi probatan parte hartu ostean, aurten, beste helburu batzuekin itzuli da. Rallyetako Euskal zirkuitu osoa, dozena erdi bat rallysprint eta Udana eta Urrakiko igoerak lehiatzeko asmotan baitabil. Xabi Altube kopilotuaren laguntaz, gauza handiak egiteko asmoz jarri dira beraz, errepide gainean.
+ Casais eta Altuberen igoerako bideoa [hemen].
Casais eta Altube, igandeko lasterketan. Argazkia: www.rallyak.eu |
No hay comentarios:
Publicar un comentario