lunes, 6 de marzo de 2017

Bakoitzari bere, zorionak emakume!.

ok magazinea

2017-03-06
Bakoitzari bere, zorionak emakume!

Kirola eta emakumearen inguruan idaztera natorkizue, aste honetan ospatzen baita, martxoaren 8an, emakumearen eguna. Nere desioa urteren baten egun hori ez ospatzea bada ere, momentuz egin beharra dago. Oraindik tamalez, gauza asko daude egiteko egoera hobetzen doan arren.

Igandean Donostian izan nintzen eta bertan lilatoia ikustea tokatu zitzaidan. Hunkigarria izan zen 5700 emakume inguru korrika pasatzean honek ikusle batzuengan sortzen zuen emozioa somatzea, aurpegian negar malkoak isuritzeraino. Lasterketaren inguruan eta jai giroan familia eta bikote asko hurbildu ziren Donostiako kaleetara; amak, alabak edo bikoteak egin zuen lasterketa komentatuz.

Oñatira bueltan kotxez nentorrela, emakume eta gizakumeen arteko desberdintasunez pentsatzen etorri nintzen. Argi daukadana da ezaugarri fisikoei dagokionez, gizaki guztiak desberdinak garela, bai gizonezko guztiak baita emakumezko guztiak ere. Denok berdin entrenatuta ez genituzke emaitza berdinak lortuko. Sexuen arteko desberdintasunak, ezaugarri fisikoei begiratuz, ere nabariak dira. Hala ere, honek ez du justifikatzen batzuk eta besteak lortzen dituzten lorpenei, gizarteak, errekonozimendu desberdina ematea. Sarritan emakume askok, baliabide gutxiagorekin lortzen dituzten emaitzek sekulako meritua duten arren, komunikabide eta gizartean izaten duten oihartzuna ez da merezitakoa.

Oraindik ere injustizia hori ikusten ez duzuenontzat, nik nola bizi dudanaren adibide bat jartzera noakizue. Gurean askotan kexatzen gara estatuko komunikabide handietan futboleko gure taldeek izaten duten oihartzun txikiaz. Gure taldeko jokalari batek gol on bat sartzen duenean zenbatetan esaten dugun honakoa: “Gol hori Ronaldok edo Messik sartuko balu aste osoan ikusten egongo ginateke baina noski…”
Argi dago talde guztiak maila berdinean egon arren, batzuek duten errekonozimendua eta besteena ez dela berdina izaten. Orain, irakurle, injustizia hori biderkatu ezazu hamar aldiz gutxienez. Hori ba, izango litzake emakumezkoen lorpenei ematen diegun tratu desegokia.

Bukatzeko, behin entzun nuen xehetasun bat aipatzea gustatuko litzaidake. Gizarte bat aurreratua den ala ez jakiteko seinaletako bat, goi mailako emakumezkoen talde asko izatea zela irakurri nuen; eta Euskal Herrian, Gipuzkoan batik bat, baditugu batzuk. Oraindik egitekoa dugun arren bide onean goaz.

Biba zu emakume!... baina 365 egunetan, ez bakarrik martxoaren 8an.

No hay comentarios:

Publicar un comentario