jueves, 6 de julio de 2017

2018KO EKAINEAN AMAITUKO ZAIO KONTRATUA ANDONI UGARTERI.

OK MAGAZINEA
2017-07-05 10:27:35
2018KO EKAINEAN AMAITUKO ZAIO KONTRATUA ANDONI UGARTERI
Denboraldi erabakiorra
Udako oporrak amaitzear, egun gutxi barru ekingo dio Andoni Ugartek denboraldi berriari. Azken orduko aldaketarik ezean, Sansen jarraituko du eta itxura guztien arabera, bere kirol ibilbideko ikasturte garrantzitsuenaren aurrean jarriko da. Izan ere, urtebete barru amaituko zaio talde donostiarrarekin daukan kontratua.

Hiru denboraldi daramatza Andoni Ugartek, Realeko bigarren taldean. Donostian, ostera, bederatzi urte osatu ditu. Datorren denboraldian beraz, hamarkada bat beteko du talde txuri-urdineko elastikoa defendatzen, eta dudarik gabe, urte erabakiorra izan daiteke atzelari oñatiarraren kirol ibilbidean.

22 urte eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Gradua amaitu berritan, futbolera bideratuko ditu bere ordu gehienak aurrerantzean. «Urtez urte, eta nahiko ondo eraman ditut ikasketak, baina azken ikasturteetan, zailagoa egin zait futbola eta ikasketak uztartzeaDiziplina asko eskatu dit» dio. Hori horrela, ikasketak eta formazioak ez ditu baztertu nahi, baina futbolak pisu gehiago hartuko du bere etorkizun hurbilean.

Kapitaina

Gaztea bada ere, taldeko beteranoetako bat da Ugarte. Ia ehun (98) partidu pilatu ditu 2B mailan eta iazko denboralditik, taldeko kapitainetako bat da. Datorrena beraz, bere laugarren denboraldia izango da kategorian. Eta alde horretatik, «aurrerapauso» bat emateko garaia iritsi zaiola uste du.

2018ko ekainean amaituko zaio kontratua eta dudarik gabe, 2017/2018 denboraldia, erabakiorra izango da beretzat. «Lasai nago. Nire helburua, pertsonalki, eta futbol jokalari bezala, ikasten, eta egunez-egun hazten joatea da».

Lehen taldean jokatzea amets

Azken bi denboraldietan lehen taldearekin kontaktuak izan baditu ere, momentuz, ez du jarraikortasunik izan. Entrenamendu batzuetan, aurredenboraldian, eta iazko Estatu Batuetako bidaian aritu da beraiekin, baina momentuz, jokatu dituen partidu guztiak, lagunartekoak izan dira.

Azken urratsa ematea soilik gelditzen zaio oñatiarrari. Baina zalantzarik gabe, «salto konplexuena» izango da. Hala ere, amets hori lortu nahiko du eta horretarako ari da lanean. Baina era berean, bidean izan ditzakeen zailtasunen jabe ere bada txantxikuarra. Izan ere, bere postuan jokatzen duten lehen taldeko lau jokalariek, maila oso altua, eta iraupen luzeko kontratuak dituzte.

Ugartek baina, ez du urrutira begiratu nahi. «Nire lana egunerokoan dago». Hitzarmeneko azken urtean da beraz oñatiarra, baina lasai, eta ilusioz, dago denboraldi berriari begira: «Futbolak buelta asko ematen ditu eta guztirako prest egon behar dugu».

Ugarte, amaitu berri den denboraldiko partidu batean

No hay comentarios:

Publicar un comentario