2017/06/3.
Bihar ehunka lagunek korrika egingo dute Oñatin errepresaliatuen eskubideen alde. Jose Mari Zugastik eta beste askok lan handia egin dute Lasterbidean ekimenaren bosgarren edizioa prestatzeko, eta espero dute datorren urtean ez errepikatzea, horrek esango bailuke presoak etxean daudela.
|GASTEIZ
«Urtero herrialdez aldatzen joaten gara, eta aurten berez Ipar Euskal Herrian egitea tokatuko zen, baina han ziurtagiri medikoa eskatzen dute»
«Duela bost urte aldaketa bat irekitzeko aukera zabaldu zen, baina espetxe frontean ez da aldaketarik egon, eta ezer egon bada okerrerako izan da»
Bihar ehunka korrikalari bilduko dira Oñatin, euskal errepresaliatuen eskubideak aldarrikatzeko. Nola sortu zen Lasterbidean?
Kirol mundutik datorren ekimen bat da. Herri honetan bizi dugun egoera politikoak kezkatzen gaitu, bereziki preso, iheslari eta beraien senideen egoera bidegabeak. Eta kirol mundutik, maite dugun eremutik, gure elkartasuna adierazi nahi diegu. Pauso bakoitza aurrerapauso bat da preso eta senideen arteko distantzia murrizteko.
Eta beti esaten dugu ez dugula hurrengo ediziora begiratzen, hau da, gure asmoa da egiten dugun edizioa azkena izatea, baina errepresaliatuak hor dauden bitartean, antolatu egingo dugu.
Madrilgo Gobernuak ez du aurrerapausorik eman euskal presoei dagokienez, salbuespen neurriak mantentzen ditu.
Duela bost urte aldaketa politikoa gauzatu zen, ETAk borroka armatua utzi zuen eta aldaketa bat irekitzeko aukera zabaldu zen, baina espetxe frontean ez da egon inongo aldaketarik, eta egon baldin bada okerrerako izan da.
Zer aurkituko dute bihar Oñatira gerturatuko diren korrikalariek? Zer-nolako ekimenak egongo dira?
Aurten larunbatean hasiko da, eta hori berrikuntza bat da. Beti izan da igandeko ekimen bat, baina Oñatiko kasuan gazteen laguntza izan dugu eta kontzertu bat antolatu dute gaztetxean; iluntzeko zortzietan izango da eta Oñatiko talde batek eta Andaluziatik etorri den beste talde batek joko dute.
Eta bihar beste berrikuntza bat egongo da. Beti egon dira bi lasterketa, bata luzea eta bestea motza, baina aurten patinen lasterketa ere antolatu dugu. Hemen, Oñatin, Tatarras patin taldea daukagu, eta hauek eskatu ziguten ekimen hau planteatzea, azken batean kirol mundutik datorren ekimen bat da, eta gure apustua kirola bere osotasunean hartzea da. Edozein motatako kirolek lekua daukate ekimen honetan.
Zenbat lagunek parte hartuko dute? Zenbakiren bat ezarri duzue helburu?
Gure asmoa ahalik eta jende gehien biltzea da. Beste edizioetan esan dugun bezala, gure helburua da 1.500 korrikalari batzea bi lasterketetan eta patinen proban. Uste dugu zenbaki polita dela.
Eta zer aurkituko dute korrika egitera etorriko ez direnek?
Egitarau aberatsa antolatu dugu. Herriko plaza nagusian izango da goizeko ekimena, lasterketen hasiera, eta kioskoan egingo dugu sarien banaketa eta Etxerateko ekitaldia. Kiroldegian izango da bazkaria, eta arratsaldeko ekitaldiak plazaren atzean dauden aparkaleku eta pilotalekuan. Dena gertu dago, oso konektatuta.
Euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko sortu zen Lasterbidean, baina hauek ere protagonistak izango dira.
Bai, Lasterbidean kirol mundutik sortutako ekimen bat da, baina presoekin batera egiten da. Guk salatzen dugu beraien egoera, baina haiek tartea dute ekimen honetan eta urtero bidaltzen diegu aurreko edizioko informazioa, iaz argazkiekin.
Eta beraien senideek ere parte hartzen dute.
Bai, Etxerat elkarteak era aktiboan hartzen du parte. Sari banaketan parte hartzen du, presoen eskulanak banatzerakoan. Eta ondoren ekitaldi bat egiten du, irakurketa bat egiten du euskaraz eta gaztelaniaz. Eta lasterketen hasieran katea edo alanbrea mozten dute.
Nola erabaki zenuten Oñatin egitea? Noiz planteatu zen?
Irailaren 28an planteatu zen Oñatin egitea; buruz dakit data Oñatiko jaien hasiera zelako. Urtero herrialdez aldatzen joaten gara, eta berez Ipar Euskal Herrian egitea tokatuko zen baina ziurtagiri medikoa eskatzen dute, eta guk Lasterbidearen izaera herrikoia mantendu nahi genuen. Garrantzi handia ematen diogu izaera horri, eta horregatik erabaki genuen zikloari hasiera ematea berriro, eta Gipuzkoan egitea. Eta Oñatin proposatu zutenean, jendeak ondo ikusi zuen.
Ondo ezagutzen duzu pasa den edizioetan egindakoa. Nola izaten da Lasterbidean sortzen den giroa?
Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etortzen da jendea eta giroa oso jatorra izaten da. Biltzen garen guztioi kirolak batzen gaitu, baina batzuk irabaztera etortzen dira, eta beste batzuek aldiz, Lasterbidean parte hartzen dute suposatzen duenagatik, elkartasun keinu bat egiteagatik parte hartzen dute. Eta herriari dagokionez, oñatiar asko apuntatu dira, eta asko laguntzeko prest daude.
No hay comentarios:
Publicar un comentario