jueves, 6 de abril de 2017

Gorka Otamendi eta Jon Altube .

OK MAGAZINEA

2017-04-06 11:59:01
GORKA OTAMENDI GARAILE ETA JON ALTUBE HIRUGARREN
Bi oñatiar mendi eskiko Euskadiko Kopako podiumean
Gorka Otamendi eta Jon Altube oñatiarrek, mendi eskiko Euskadiko Kopako podiumean amaitu dute denboraldia. Lehenak garaipena lortu du eta Altube berriz, hirugarren eskiatzaile erregularrena izan da. Espero gabeko emaitza honen balantzea egin zuten bi eskiatzaileek, astelehenean, Oñati Irratiko kirol tarte nagusian.

Martxoaren 25ean jokatu zen Euskadiko Kopako azken proba puntuagarria, Andres Regil saria, bikoteka, eta bertan lortutako hirugarren postuari esker, mendi eskiko Euskadiko Kopako podium nagusira igo dira Gorka Otamendi (lehenengo) eta Jon Altube (hirugarren) oñatiarrak. Ustekabea izan omen da, ez dutelako lasterketa bat bera ere irabazi, baina, proba guztietan erakutsi duten erregulartasunak saria eman die. Kopa ondorengo lau probetan banatu da: Causiat Extreme (bakarka), Altitoy (binaka) Bandres-Karolo (bakarka) eta Andres Régil (binaka).

Biak ala biak hasi berriak dira mendiko eskian. Hiru urte baino ez daramate trabesiak egiten, eta aurtengo helburua Altitoy lasterketa ahalik eta txukunen egitea zen (bigarren sailkatu ziren ‘B’ ibilbidean). Maila politean ari zirela ikusirik, animatuz joan dira, Euskadiko Kopako proba guztiak osatu arte. «Oso lehiakorrak gara; dortsal bat ikusten dugunean, dena ematea gustatzen zaigu» adierazi zuten.

Hobetu beharra

Fisikoki indartsu daude, eta aldapan gora, batez ere, ondo moldatzen dira, baina teknikoki hobetu beharra daukatela aitortu zuten asteleheneko irratsaioan: «igoerako giroak egiten, larruak azkarrago aldatzen...detaile txikiak dira, baina teknika oso garrantzitsua da mendiko eskian» zioten.

Prestaketa espezifikorik ez dute egiten. Gehienbat mendi bizikletan egiten dute oinarria. «Abenduko zubitik aurrera, ahal zen guztietan elurretara joan gara, gora eta behera, serieak egitera. Oñatin egon denean ere hemen ibili gara. Bestela, Piriniotan edo Valdezcarayn egin ditugu saio gehienak» zioeten.

Euskadiko Kopa irabazita eta hirugarren sailkatuta, oso balorazio positiboa egin zuten astelehenean, eskiatzaile oñatiarrek. «Ez genuen espero, baina bizitasuna ematen du entrenatzen eta ikasten jarraitzeko». Datorren urtera begira, Altitoy lasterketako ‘A’ ibilbidea ahalik eta txukunen egitea izango da helburua, eta Euskadiko Kopan ere parte hartuko dute.

Mendizabal eta Otxoa

Otamendi eta Altubez gain, beste oñatiar batzuk ere nabarmendu dira mendi eskiko probetan. Iñaki Mendizabal da horietako bat. Martxoaren 4-5ean jokatu zen Bandrés-Karolo memorialean (Euskadiko txapelketa), azkarrena izan zen promesa mailako kronoigoeran, eta bigarren sailkatu zen lineako proban.

Bestalde, Aitor Otxoak ere parte hartu zuen asteleheneko irratsaioan. Gogoratu beharra dago, Lander Alvarezekin batera, bigarren sailkatu zela Altitoy probako beteranoen mailan. Eta horren harira, txantxikuarrek aurtengo denboraldian egin duten lanaren balorazio bat egin zuen, besteak beste. Hemen daukazue irratsaio guztia entzungai:

Jon eta Gorka elkarrekin, aurtengo proba batean. Argazkia: Utzitakoa

No hay comentarios:

Publicar un comentario