2017-02-08 21:58:09
55 URTETIK GORAKOEN KATEGORIAN LORTU DU DOMINA
Marisol Ramos Espainiako azpitxapeldun maratoi erdian
Marisol Ramos korrikalari beteranoa, albiste dugu berriz ere. Espainiako maratoi erdiko txapelketan lehiatu da asteburuan Granollersen eta lasterketa bikain bat burutu ostean, bigarren postuan amaitu zuen proba, 55 urtetik gorako emakumezkoen beterano mailako kategorian. Era berean, distantziako Euskadiko errekor berria ezarri du txantxikuarrak.
Absoluto eta beterano mailako Espainiako maratoi erdiko txapelketa jokatu zen igandean Granollersen. Kategoria horietako estatuko korrikalari onenak elkartu zituen hitzorduak eta aspaldiko partez bada ere, Marisol Ramos korrikalari beteranoa, mailako onenen artean ikusi dugu. Aloña Mendiko ordezkaria geroz eta hobeto ari da sentitzen azkenaldian, eta bi urtetik gorako lesio luzea gainditzen ari den honetan, berriz ere maila bikainean aritzeko gaitasuna duela erakutsi berri du.
Txantxikuarrak proba oso ona egin zuen. Zirkuitu gora beheratsua izan zen eta haizeak ere az zuen asko lagundu. Hala ere, lehen hamar kilometroetan lasterketa buruan ibili zen. Betiere diferentzia oso txikiekin, baina onenen artean ikusi zuen aspaldiko partez bere burua Ramosek. Bigarren zatian baina, Maria Esther Pedrosak hainbat erritmo aldaketa egin zizkion eta oñatiarrak ezin izan zuen galiziarraren erritmoa eutsi.
Dena den uneoro nahiko gertu izan zuen gerora txapelduna izango zen Maria Esther Pedrosa (1:27:28) eta azkenean, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen emakumezkoen beterano 55 kategorian. Oñatiarrak 1:28:15 osatu zuen ibilbidea eta urrezko dominatik 47 segundutara soilik gelditu zen. Asteburuan egindako ahaleginak sari bikoitza izan du gainera. Espainiako Txapelketan zilarrezko domina eskuratzeaz gain, Euskadiko kategoriako errekor berria ezarri baitu Ramosek.
Euskadiko kros txapelketa
Marisol Ramosen emaitzaz gain, Aloña Mendiko beste korrikalari batzuk ere emaitza oso garrantzitsuak lortu dituzte asteburuan. Sopuertan jokatu den Euskadiko kros txapelketan ere beste bi domina lortu baitzituzten taldeka oñatiarrek.
Eguraldi balditza oso gogorrekin eta zirkuitu lokaztuarekin lehiatu behar izan zuten korrikalariek. Hori horrela, kadete mailako taldeak urrezko domina lortu zuen eta senior mailakoa ostera, Euskadiko azpitxapeldun izan zen. Biek ala biek Espainiako taldekako kros txapelketarako minima lortu zuten gainera. Zorionak
Marisol Ramos, Granollerseko podiumean |
No hay comentarios:
Publicar un comentario