domingo, 10 de noviembre de 2024

MALEN OSA ANSA...Elkarrizketa

 Aiurri Hedabideak

“Ama izan da nire zutaberik sendoena”

Andoni Urbistondo 2024ko aza. 8a, 07:52

Malen Osa Ansa mendi lasterkaria Oñatin bizi da, baina Andoainen ditu sustraiak. ©Goiena


Mendi maratoietako fenomeno berri eta gaztea da Malen Osa Ansa oñatiarra; bizitzak kolpe zitalak eman dizkio aurten, Gurutze Ansa amaren –andoaindarra– ezusteko heriotza, azkena.

Canfranc-era, Huescako Pirinioetara bidean erantzun du Aiurriren deia Malen Osak (Oñati, 21 urte), selekzioarekin duen kontzentraziora bidean. 2024ak gauza on asko eman dizkio: Salomon taldearekin fitxatu, Zegaman txapeldunorde eta Golden Series zirkuituan hirugarren postua. Kiroleko poza etxeko minarekin gurutzatu da, ordea, aitona, amona eta Gurutze Ansa ama andoaindarra galdu baititu urtebeteko epean.

Malen, ezagutzen ez zaitugunontzat, aurkeztu ezazu apur bat zeure burua, mesedez.

21 urte ditut, eta pertsona kirolaria izan naiz betidanik. Soziala, alaia, langilea eta diziplina handikoa naizela esango nuke. Ingeniaritza ikasketak bukatu nituen udan, baina momentuz ez naiz lan merkatuan murgildu. Pare bat urte daramatzat trail munduan, nazioartean, eta Salomon markari esker profesionala naiz, urtarrilaz geroztik. Mendiko korrikalari jarduerara emanda bizi naiz, erabat. Mendi maratoien diziplinak indar handia hartu du azken urteetan, eta ekonomikoki ate asko zabaldu dira. Jardunaldi osoko, edo lanaldi erdiko jardunarekin mendi maratoietan puntan ibiltzea ezinezkoa litzateke ia, oso zaila. Mendi maratoien munduan egunero aritu behar da, eta ez entrenamenduekin bakarrik: paperak egin behar dira, kontratuak, atsedena hartu…

Locarnoko lasterketako helmugak birala egin du helmugaratu zineneko argazkia, ‘beti zurekin, ama’ zioen leloarekin. Une hunkigarriak izango ziren zuretzat, baina jende askoren bihotza hunkitu zenuela esango nuke.

Hilabete zailak izan dira niretzat. Oso batuta nengoen amarekin. Nire lagunik onena zen, zutabe sendoena. Oso lotuta nengoen berari azken 2-3 urtetan eta bere heriotza ezustean etorri da. Kolpe gogorra izan da. Isilean eraman dut dolua, samina, ez baitzait gustatzen horrelako gauzak lau haizetara zabaltzea. Merezi zuen lelo hori erakusten zuen argazkia zabaltzea; polita, une egokian, xumea, baina zeresana eman duena; gustura ikusiko zuen, dagoen lekutik.

Andoaindar batzuk diotenez, Malen, helmugako irudiak ikusi eta amaren irribarrea ikusten omen dute zurean.

Izateko eran antza handia geneukan, eta fisikoki ere ezaugarri berdinak genituen. Pozten naiz andoaindar batzuk hori pentsatu badute.

Oker ez banago, amak iazko Behobian parte hartu zuen.

Hartu zuen parte bai, nire anai-arrebekin. Sei jarraian egin zituen bere garaian, eta gero eten bat egin. Berriz ere bueltatu zen, eta 2018an amak, ahizpak eta hirurok batera korritu genuen. 2019an ahizpa, mutila eta laurok batera. Azkenekoa iazkoa.

Irakaskuntza eta kazetaritza, bi lizentziatura zituen zure amak. Zuk ingeniaritza ikasi duzula esan diguzu. Zein ikasgai gogoratuko duzu luzaroan amarengandik?

Buf, konpromisoan jartzen nauzu… Asko miresten nuen ama, borrokalari petoa baitzen. Anaia galdu zuen aspaldi, aitak ere gaixotasuna dauka, baina beti aurrera egin du. Botila erdi betea ikusi izan du betidanik, erdi hutsa baino. Lana, lana eta lana, ez zeukan besterik buruan. Eredu bat izan da niretzat. Beti alai, beti aurrera egiteko gogoa erakutsi zidan.

Andoain zuretzat aiton-amonen eta amaren herria da. Zer esan nahi du Andoainek zuretzat? Andoain aldera etortzeko ohiturarik baduzu?

Txikiagoak ginenean bai, baino aspaldi gutxi samar joan naiz amaren herrira.

Hilabete gutxiko epealdian galdu dituzu aitona, amona, eta ama. Nola bizitzen, eramaten ari zara trantze gogor hori Malen?

Bizitzak buelta asko ematen ditu. Norbaitek esan zuen, akabatzen ez gaituenak indartsuago egiten gaituela. Aurrera egin behar da beti, eta kirola eta trail munduak asko lagundu didate bide hori egiten. Positiboa naiz, eta egoera honetan zer esanik ez. Oso harro nago egoera zaila nola eramaten ari naizen ikusita.

 Elkarrizketa osoa Aiurri 658 hamaboskarian  irakurgai dago

No hay comentarios:

Publicar un comentario