lunes, 4 de noviembre de 2024

MAIDER ARREGI GIPUZKOAKO BERTSOLARI TAPELKETAKO FINALERDIETAN IZANGO DA.

2024/11/04.


Aitor Tatiegi txapelketatik kanpo gelditu da

  Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren bosgarren eta azken final-laurdena jokatu zen atzo Tolosan eta bertan argitu zen hurrengo fasera sailkatuko diren bertsolarien zerrenda. Nerea Elustondo zuzenean sailkatu zen, saioan puntuaziorik hoberena lortuta. Tolosako saioan kantatu zuten bi oñatiarren patua ezberdina izan zen oso: Maider Arregi bigarren sailkatu zen eta aurrera egingo du txapelketan, Aitor Tatiegik berriz, seigarrena izan zen Tolosan eta 24.a final-laurdenetako sailkapen orokorrean, txapelketatik kanpo geratuz.

  Bi aste barru hasiko diren finalaurrekotan 18 bertsolari lehiatuko dira. Lehen saioa Oiartzunen izango da, bigarrena Zarautzen eta hirugarrena Arrasaten. Debagoienean jokatuko den saio bakarrean arituko da Maider Arregi, Agin Laburu, Andoni Rekondo, Eñaut Martikorena, Iñigo Mantzisidor Mantxi eta Oihana Iguaranekin batera. Azken finalaurreko hori abenduaren 1ean izango da Arrasateko Amaia antzokian.

  Txinparta bertso eskolako bost kidek parte hartu zuten udaberrian abiatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean: Maider eta Urko Arregi anai-arrebak, Aitor Tatiegik, Urko Egañak eta Jon Mata antzuolarrak. Tatiegi eta Maider Arregik salto handia egin dute aurtengo txapelketan; Aitor, sailkapen fasea gaindituta, final-laurdenetaraino iritsi da eta Maider finalaurrekoetan lehiatuko da, lehenengoko aldiz.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario