jueves, 3 de octubre de 2024

ZINE KLUB DENBORALDIA DATORREN ASTEAN HASIKO DA.

 2024/10/03.


Emanaldiak 19:30 izango dira eta filmak jatorrizko bertsioan emango dira, aurreko denboraldian bezala

  Urriko zine karteldegia gertu dago eta, jaietako etenaldiaren ondoren, zine klub denboraldiari ekinez hasiko dira hileko emanaldiak. Cannes, Berlin eta Donostiako zinemaldietan saritu edo kritikak goraipatu dituen lau film programatu dira urrian ikusteko. Lehena, Cannesen europar film onenaren saria lortu zuen Volvereis produkzio espainiarra izango da, urriaren 10ean. Ondoren etorriko dira Berlinen iaz dokumental onenaren saria eskuratu zuen El eco mexikarra, Donostiako zinemaldian Made in Spain sailean aurkeztu den Casa en flames produkzio katalana eta 2023ko Berlingo zinemaldian Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuen Roter Himmel edo El cielo rojo alemaniarra. Guztiak jatorrizko bertsioan, azpitituluz lagunduta pantailaratuko dira eta otsailean indarrean jarri zen ordutegiari eutsiz, emanaldiak 19:30etan hasiko dira.

  Emanaldi komertzialei dagokienean ere, otsailetik izan den ordutegia mantentzen da eta ostiraletan 22:00etan, larunbatean, 19:30 eta 22:00etan eta igande eta astelehenean, 19.30etan izango dira emanaldiak. Haurrenak, larunbatetan eta igandetan 17:00etan izango diren bezala. Gogoratu, gainera, ostiraletako emanaldietan produkzioak azpitituluz lagundutako jatorrizko bertsioan eskainiko direla.

  Urriko karteldegiari erreparatuta, eta zine klubeko programazioaz haratago, Donostiako zinemaldian lehiatu den Soy Nevenka urriaren 18tik 21era ikusi ahal izango da eta Zinemaldian bertan film sorpresa izan den Joker: Folie a Deux filma urriko azken asteburuan proiektatuko da. Haurrei zuzendutako bi film euskarazko bertsioan emango dira: Buffalo kids hilaren 12 eta 13an eta Liztor kapitaina hurrengo asteburuan, 19-20an.

  Datorren ostegunean, urriaren 10ean hasiko den zine klub denboraldia apirilera arte luzatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario