martes, 8 de octubre de 2024

MAIDER ARREGI ETA AITOR TATIEGI AURRERA DOAZ GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETAN.

 2024/10/08.

Tolosako final-laurdenekoan kantatuko dute, berriro elkarrekin

  Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren azken final-zortzirena jokatu da asteburuan Azpeitian eta hurrengo faserako txartela lortu dute bertan kantatu duten oñatiarrek: Maider Arregik, zuzenean, saioa irabazita, eta Aitor Tatiegik, puntuazioaren arabera. Aipagarria da Azpeitiko saioan parte hartu zuten sei bertsolarietatik bostek final-laurdenetan aritzeko txartela eskuratu dutela.

  Bitxia da baita ere, udaberrian hasi zen sailkapen fasetik Arregi eta Tatiegi eskutik  doazela saioz saio, guztietan elkarrekin kantatu baitute. Eta hala jarraituko dute final-laudenetan ere, Azpeitiko lehena eta puntuazioz sailkatutako zazpigarrena izaki, Tolosako saioan elkarrekin arituko direlako berriro, azaroaren 3an.

  Bi aste barru, urriaren 19an, Eibarren izango da txapelketako lehen final-laurdena eta ondoren etorriko dira, Errenteria, Azkoitia, Irun eta Tolosakoa. Fase berri honetan arituko dira final-zortzirenetako saioak irabazi dituzten sei bertsolariak, puntuazioz sailkatu diren beste 17 eta 2019ko txapelketan finalera sailkatu ziren seiak: Agin Laburu, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Ane Labaka, Oihana Iguaran eta Nerea Elustondo. Legazpiarra izango da, hain zuzen ere, Tolosan, Arregi eta Tatiegi oñatiarrekin arituko denetako bat, beste hirurak, Andoni Rekondo, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Jon Gurrutxaga izango dira.

  Bost final-laurdenetako irabazleak zuzenean pasako dira hurrengo fasera eta puntu gehien eskuratzen dituzten hamahiru bertsolariekin osatuko dira finalaurrekoak.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario