martes, 3 de septiembre de 2024

ABENTURA BAT BAINO ASKOZ GEIAGO.

 

Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna Oñatin ospatuko da, igandean

2024/09/03.




Boiseko unibertsitateko lehen ikasle taldea Oñatira iritsi zela 50 urte bete berri dira

  Urteurren hori gogoan erabaki da irailaren 8an ospatzen den Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna Oñatin egitea. Herriko hainbat eragileren partaidetzarekin egingo den ekitaldiaren amaieran, Imanol Pradales lehendakariak parte hartuko du, lehen aldiz. Domeka eguerdian izango da Eltzia eta San Lorentzoko ermita inguruetan. Baina ekitaldi honi buruzko argibide gehiago bihar jasotzea espero dugu, prentsaurrekoa egitekoa baita udaletxean.

  1974an eta ondorengo urteetan Oñatira etorri ziren amerikano haietako zenbait datozen egunotan itzuliko dira, ostiralean, egingo den liburu aurkezpenean parte hartzeko. Izan ere, Boise-Oñati 1974-2024. Abentura bat baino askoz gehiago liburua ondu du Iñaki Galdosek, Oñatira urte ezberdinetan etorri ziren ikasle amerikarren historia bilduz. Jerardo Elorza bildumaren 5. alea den hau, euskaraz idatzi du eta hala aurkeztuko da ostiralean Santa Ana aretoan. Ingelesezko bertsioa ere argitaratuko da, datorren urtean, eta 2025eko uztailean Boisen aurkezteko asmoa dagoela aurreratu digu Galdosek.

  Era berean, eta liburua oinarri hartuta osatu den erakusketa, Eltziako Topagunean hilabetez ikusgai jarriko da, irailaren 8tik aurrera. Ondoren, urrian, Boiseko Euskal Museora eramango da. Jabier Erostarbek prestatu du erakusketa eta 10 panel eta bestelako objekturekin batera, 1974ra Oñatira etorri ziren ikasle gazte haien abentura laburbiltzen du erakusketak.

  Euskal Herritik kanpo diren Euskal Gizataldeen Aholku Batzordeak aukeratu zuen irailaren 8a Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko. 2018tik urtero egiten da eta, aurten, Oñatin ospatuko da, esan bezala. Egun honek bi helburu nagusi ditu: kanpoan bizi diren euskaldunak batzen dituen errealitate kulturala aitortzea eta euskal emigrazioak izan duen garrantzia ezagutaraztea

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario