viernes, 14 de junio de 2024

EGITARAUEN AZALA AUKERATZEKO LEHIAKETA ABIATU DA.

 2024/06/13.



Egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa abiatu da eta jai batzordea eratzeko bilera egingo da, asteartean

  San Migel eta Erroxarixo jaietako egitarauaren azala irudikatzeko lehiaketa deitu du Udaleko Kultura departamentuak. Irudi-lehiaketa honetan 18 urtez gorako edonork har dezake parte. Lanen formatua digitala izan beharko da eta PNG, JPG edo PDF formatuetan aurkeztu beharko dira. Erabiliko diren koloreak eta teknika, berriz, norberaren aukerakoak izango dira, libre utzi dira. Lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dira eta ezin dira adimen artifiala erabiliz sortu. Lan guztiek, derrigorrean, gutxieneko testu hau agertu beharko dute: OÑATIKO JAIXAK 2024.

  Lanak, egilearen sinadurarik gabe aurkeztuko dira baina identifikatu ahal izateko, bidaltzen denean, egilearen izen-abizenak eta telefonoa dituen orria erantsi beharko zaio mezu elektronikoari. Lanak honako helbidera bidali beharko dira: kultura.idazkaritza@onati.eus. Mezuan, Kartel lehiaketa 2024 idatzi beharko da. Aurkezteko epea, uztailaren 10ean amaituko da.

  Sari bakarra emango da, 500 eurokoa, hain zuen. Horrezaz gain noski, aukeratutako lana etxe guztietara zabalduko den jai programaren azalean agertuko da. Kartel irabazlea hautatzeko internet bidezko bozketa librea irekiko da uztailaren 11tik 17ra eta esteka sare sozialetan eta udaleko web orrian zintzilikatuko da.

  Lanak lehiaketatik kanpo uzteko kasuak zehaztu eta jaso dira deialdian. Hala, autorea nor den zalantzan dagoenean, aurkeztutako lana pertsonen duintasunaren kontra doanean edota beste obra batzuen plagiotzat har daitekeenean, lana baztertu egingo da. Era berean, aurkeztutako lanen maila nahikoa ez dela erabakiz gero, ez da saririk emango.

  Bestalde, jai batzordea eratzeko deialdia egin da astearterako, ekainaren 18rako. Herriko jaixetako egitaraua lantzeko herritarren parte hartzea eskatzen du Udaleko Kultura departamentuak. Hala, parte hartzeko gertu dauden guztiak, ekainaren 18an, 18:30etan Kultur etxean egingo den bilerara gonbidatzen dira.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario