lunes, 27 de mayo de 2024

MAIDER ARREGI ETA AITOR TATIEGI, LEHEN ETA BIGARREN SAILKATU ZIREN USURBILEN, ATZO.

 2024/05/27.

(Arg: Bertsozale elkartea)



Gipuzkoan Bertsotaneko bigarren itzulia osatuta, B multzoko lehen eta hirugarren dira, une honetan

  Gipuzkoa Bertsotaneko lau saio jokatu dira asteburuan, horietako bat Usurbilen, atzo, Oñatiko bi bertsolariren partaidetzarekin.Usurbilgo Sutegi aretoan, Maider Arregi eta Aitor Tatiegi, lehen eta bigarren sailkatu ziren, atzo. Oñatiarrekin batera, Usurbilen hurrenez hurren sailkatu ziren, June Aiestaran, Uxue Alkorta, Oier Aizpurua eta Odei Lopez.

  Maider Arregik 345 puntu lortu zituen atzoko saioan eta lehen itzuliko 360,5 puntuei batuta, B multzoko behin behineko sailkapenaren goialdean dago oñatiarra. Aitor Tatiegi, berriz, hirugarren dago multzoko sailkapen orokorrean, une honetan. Kasik segurutzat jo daiteke udazkenean jokatuko den Gipuzkoako txapelketan arituko direla.

  Baina Gipuzkoa Bertsotaneko azken lau saioak datorren asteburuan jokatuko dira, larunbat eta igandean, eta horietan parte hartuko dute Txinparta Bertso eskolako azken bi ordezkariek; Urko Arregi, Elgetan arituko da, larunbatean, eta Urko Egaña, Hernanin, igandean. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eskuragarri daude.

  Gipuzkoa bertsotan sailkapen fase honetako bigarren itzulian 48 bertsolari arituko dira eta 34k eskuratuko dute udazkenean jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari txapelketarako txartela.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario