sábado, 23 de marzo de 2024

LEHENENGO KORRIKA.

goiena.

Gontzal Belategi Zubia 2024ko mar. 22a,

Lehenengo Korrikaren zerogarren kilometroa bertatik bertara bizi izan zuen Santi Mendiolarekin solasean




1980ko azaroaren 29an irten zen oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatetik lehen korrika. orduko hura ez zen lehen kilometroarekin hasi: zerogarren kilometroarekin hasi zen, Jesus Mari Satrustegi euskaltzain nafarraren eskutik.

Gaur egun, Korrika erabat egonkortuta dago. Hala ere, guztiarekin gertatu bezala, horrek ere izan zuen hasiera bat. Hasiera hori Debagoienean izan zen; zehazki, Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatean.

Jende ugari batu zen 1980ko azaroaren 29 hartan. Tartean, Santi Mendiola argazkilaria. "Jendea adi-adi zegoen, ea hura zer izango zen galdezka. Lehen aldia zen eta aurretik ez zen entrenamendurik izan", azaldu du Mendiolak. Konbentzimenduz edo kuriositatez joan, han izan zirenak Euskal Herriaren pasarte garrantzitsu baten parte izan ziren, nahiz eta momentuan ez jakin. "Momentuan ez nekien horrek gerora izango zuen garrantzia", adierazi du argazkilari oñatiarrak.

Bitxia dirudien arren, Korrika ez zen lehen kilometroarekin hasi, zerogarren kilometroarekin baizik. Jesus Mari Satrustegi euskaltzain nafarra izan zen zerogarren kilometro hura abiatu zuena. Hasi aurretik, Julen Kaltzada AEK-ko burukidea izan zuen alboan. "Ondoren, Ikastolako lau haurrek hartu zuten lekukoa. Plaza alderantz joan ziren eta udal ordezkariei eman zieten lekukoa, Eli Galdos alkatea buru zutela", dio Mendiolak. Dirudienez, Galdos gaixorik zegoen egun hartan, eta ohetik atera behar izan zuten lekukoa har zezan. Lehen kilometroa Pikupe txarangaren eta Aloña Mendiren esku gelditu zen.

Korrika gorabeheratsua

Sarri esan izan da hasierak ez direla errazak. Korrikarentzat ere lehen edizio hura ez zen erra- za izan. Azaroaren 29an Oñatitik irten eta abenduaren 7an Bilbon amaitu zen, 1.820 kilometro egin ostean. Ustekabeak lehen momentuan heldu ziren, Rikardo Arregik idatzitako mezua ez zenean Oñatira heldu.

Egoera ikusita, Urdainen (Nafarroa Garaia) geldialdia egitea adostu zuten, mezua lekukoan sartzeko. Hala egin zuten, baina Bilbora heltzean ezusteko ga- lanta hartu zuten, lekukoan ez zegoelako Arregiren mezua. Kopia bat heltzen zen bitartean, AEKren diskurtsoa irakurri zuen Kaltzadak.

Diskurtsoa amaitutakoan, Bilbon egon ezin zirenez gogoratu zen Kaltzada, kartzelatuez, torturatuez eta torturak jasateko beldur zirenez. "Gora Euskadi askatuta! Gora Euskadi euskalduna! Gora langileria! Gora langileri euskalduna!" oihuekin amaitu zuen haren hitzartzea.

Kaltzadaren diskurtsoak eta Arregiren mezuaren desagerpenak oihartzun handia izan zuten. Ondorioak gogorrak izan ziren: AEK Euskaltzainditik kanporatu zuten eta Jaurlaritzak Korrika diruz ez laguntzea erabaki zuen, gertatutakoa AEKren trikimailu bat zela argudiatuta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario