2024/02/13.
Lan hitzarmenaren aldeko 24 orduko greba egiten ari dira Natrako langileak
Ordukako mobilizazioetan urrats berria eman dute Natrako langileek gaur eta egun osoko lehen greba eguna osatzen ari dira, negoziaketei berrekin eta lan hitzarmen duina eskatuz. Goizeko 7:30etan kazerolada batez hartu dituzte enpresara sartu diren lankideak eta 11:30etan manifestazioa abiatu dute, Natratik plazaraino. Ostegunean, greba eta ekintzak errepikatuko dira baina manifestazioa arratsaldeko 18:00etan egingo dute, herritarrek ere parte hartu dezaten. Herritarren babesa eskatu da Natratik.
KPItik gorako soldata igoera, errelebo-kontratua, kategorien eguneratzea, fijo-discontinuo direnen lanerako segurtasuna eta lan erreformen aurkako blindajea eskatzen dute, besteak beste. Negoziazio mahaian jartzeko zuzendaritzak inposatu nahi duen malgutasun edo flexibilitatea ez dutela onartuko adierazi du langileen ordezkari batek Oñati Irratian, eguerdian.
Ostegunean bigarren greba eguna egingo dute Natrako langileeketa urtarrila amaieran iragarri zen mobilizazio egutegia beteko dute. Zuzendaritzak jarrera aldatu eta negoziatzen hasten ez bada, ordea, ekintza gehiago egiteko prest daudela jakinarazi dute langileek. Komiteko ordezkariak hasi dira dinamika berria zehazteko bilerak egiten.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario