lunes, 20 de noviembre de 2023

PIKTOGRAMAK MARRAZTU DIRA ZEBRA-BIDEETAN.

 2023711/20.

Piktogramak marraztu dira zebra-bideetan, autismoa duten haurren autonomia indartzeko



24 zebrabide seinaleztatu dira, “Bagabiltz-Eskolako bidea” proiektuaren baitan

  Autismoaren Espektroaren Nahasmendua (AEN) duten pertsonek zailtasun kognitibo bereziak dituzte eta horrek zaildu egiten die herritarrentzat orohar diseinatu diren zenbait mezu edo egoera ulertzea. Oinez doazenean, kolektibo honek ez ditu beti ondo ulertzen marka zuridun oinezkoen pasabideak. Aldiz, ilustrazio edo piktogramek informazio errealagoa ematen diete zebrabideak zeharkatzeko orduan izan beharreko arreta eta hartu beharreko babes neurrien inguruan.

  Piktogramen sekuentzia lurrean margotuta oinezkoen pasabideak kognitiboki irisgarriago egiten dira. Horrela, Autismoaren Espektroaren Nahasmendua dutenek hobeto uler dezakete zer egin behar duten zebrabide parera iritsita, autonomia pertsonala eta bide-segurtasuna areagotuz.

  Udalaren Hezkuntza departamentuak eta herriko ikastetxeek elkarlanean sustatzen duten Bagabiltz-Eskolako Bidea proiektuaren baitan, herriko 24 zebrabide seinaleztatu dira, azken egunotan. Zirkulazio maila handia duten guneak eta ikastetxeetara, jolasguneetara eta espazio edo ekipamendu publikoetara doazen zebrabideak lehenetsi dira.

  Ekimen honekin pertsona guztiek, eta bereziki AEN duten haurrek, irisgarritasunerako duten eskubidea bermatu nahi da. Baina piktogramen ekarpena positiboa da gainontzeko haurrentzat eta herritar guztientzat, orohar, komunikatzeko modu eraginkorragoa baita. Azken batean, oñatiar guztien irisgarritasuna bermatzeko urrats bat da. Eta herri hezitzaileen filosofiaren baitan ere, halako ekimenak eraginkorrak eta beharrezkoak dira Oñati guztiontzako herri bizigarria eta hezitzailea izan dadin.

  Piktogramen sekuentzia TEVIAL elkarte andaluziarrak eta Sevillako unibertsitateko Carlos Hervás Gómez irakasleak garatu dute. Piktograma horiek lortzeko, 1.800 pertsonarekin egin da lan, eta unibertsitateko irakasleez gain, udaltzainek, osasun langileek eta Autismoaren Espektroaren Nahasmendua duten neska-mutilen familiek parte hartu dute.

Iturria: Oñati Irratia

#RuperArKo

No hay comentarios:

Publicar un comentario