martes, 24 de octubre de 2023

GREBAK.

 

Hainbat udal eraikin eta zerbitzu itxita egongo dira bihar.

2023/10/24.




Udal langileen asanbladak sektore publikoan deituta dagoen grebarekin bat egitea erabaki du

  Udalak gutxieneko zerbitzuak agindu ditu eta ondorioz, udaletxeko HAZ bulegoa zabalik izango da, dokumentuen erregistroa egin eta deiak jasotzeko bakarrik, udaltzaingo zerbitzuaren %100 bermatuta egongo da eta hilobiratze zerbitzua mantenduko da, soilik ezinbesteko denean. Zubikoa kiroldegia eta Kultur etxea itxita egongo dira eta Oñati Irratiak ez du irratsaiorik egingo bihar. Aldiz, Udalak azpikontratatuta dituen zerbitzuak normaltasunez beteko dira: Herribusa, Gaztelekua eta Ludoteka martxan izango dira.

  ELA, LAB, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuek deitu dute greba EAEko sektore publikoan: administrazioa, hezkuntza edota osasun arloan. Zerbitzu publikoen kalitatea eta sektorean diharduten langileen lan-baldintzak okertzen ari direla salatzen dute. Erosteko ahalmena bermatzea, enpleguaren kontsolidazioa behin behinekotasuna %8ra murriztu arte, zerbitzuen pribatizazioa etetea, ordezkapenik gabeko lan kargak arintzea, plantillak gaztetzeko eta langileen euskalduntzerako neurriak hartzea, eta enplegu publikoaren beharrak eta lan-baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoan erabaki eta negoziatzea eskatzen da, besteak beste.

  Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian 150.000 langilek dihardute sektore publikoan. Eta bertan % 85eko ordezkaritza duten sindikatuek bi greba egun deitu dituzte, lehena biharko eta bigarrena, abenduaren 19rako. Oñatin, udal langileen asanbladak bihar greba egitea erabaki du. Debagoieneko Mankomunitatean ere hala erabaki ditu eta, ondorioz, Urrutxuko garbigunea itxita egongo da, bihar. Anbulatorioko langileak eta ikastetxe publikoetakoak ere grebara deituta daude. Osasun etxean ez da bozketa bateraturik egiten, bai ordea, Urgain ikastetxean eta Oñati institutuan. Hezkuntza Sailak gutxieneko zerbitzuak agindu ditu bietan eta ikastetxeak ireki eta doazen ikasleen zaintza bermatuko da.

  Urgain ikastetxean eta Oñati institutuan gaur ere greba egin dute hainbat langilek. Hezkuntza publikoan greba deialdia bi egunetarako egin dute ELAk, STEILASek eta CCOOk. Baliabide gehiago eta galdutako erosketa ahalmena berreskuratzea eskatzen dute. Zenbait irakaslek eskolak eman dituzte Bigarren Hezkuntzan eta Urgainen berriz, zaintza zerbitzua bete dute lanera joan direnek. Bihar, ikastetxeetan grebarako atxikimendua handiagoa izatea espero da, deialdira, LAB sindikatua ere batu delako. 

Iturria: Oñati Irratia

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario