martes, 17 de octubre de 2023

BIDAURRETAKO ELIZAN LANAK EGITEN ARI DIRA.

 2023/10/16.

Xilofagoen aurkako tratamendua ematen hasi dira Bidaurretako elizan.




Erretaula aldamioz estalita dago baina asteburuko elizkizunak mantentzen dira

  Gipuzkoa mailan egiten ari den interbentzio orokor baten baitan kokatu behar dira Bidaurretako elizako lanak. Foru Aldundiko Ondarearen zaintzarako zuzendaritzak Gipuzkoako elizen egoera-txostena osatu zuen eta jasandako kalteen araberako konponketak egiten ari da. Mikel Goiaingeruaren parrokian xilofagoen kontrako tratamendua eman zen iaz, egurrezko zoruan, altzarietan eta unibertsitate aldeko atariaren estrukturan, eta aurten, antzerako lanetan hasi dira Bidaurretako erretaulan. Aldamioa muntatu zen erretaula aurrealdean pasa den astean eta tratamendua ematen hasiko dira orain.

Bidaurretan egiten hasi diren tratamendu lanek eragin txikia izango dute elizkizunetan. Egunero, arratsaldero izaten den meza, pareko eraikinean, fraideen saloian ospatzen da, asteburuko elizkizunak berriz, Bidaurretako eliza nagusian mantenduko dira, besterik esan ezean. Asteburu honetan ere hala egin da.

  Bidaurretako erretaulan xilofagoen kontrako tratamendua eman behar dela aprobetxatuko da, eliza eta komentuko hiru ate nagusiak zaharberritzeko. Lanak aste gutxiren buruan amaitzea aurreikusten dutela jakinarazi digu bertako arduradunak.

  Xilofagoek udazkenean bereziki erasotzen ei dute egurra eta hauen kontrako tratamendua egiteko sasoi egokiena ere bada. Bidaurretako erretaula nagusian tratamendua emango da, iaz, garai honetan Mikel Goiaingeruaren Parrokian egin zen bezala. Orduan, ordea, ez zen erretaula bera tratatu, egoera dezentez okerragoan zeuden egurrezko beste elementu batzuk baizik.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario