2023ko eka. 10a, 07:33
Ia 50 denboraldi egin ditu Azpiazuk Alola Mendiko futbol sailean lanean, horietako asko presidente moduan, eta ibilbide horretan egindako lana saritu gura izan du futbol federazioak sari honekin. "Aloña Mendirekin jarraituko dut nik osasuna dudan bitartean. Aupa Aloña eta aupa Gipuzkoako futbola".
Atzo Andoaingo Bastero Kulturgunean egin zen II. Gipuzkoako Futbol Sariak ekitaldiaren barruan jaso du Javier Azpiazu Ugarte oñatiarrak Boluntarioen saria. Ekitaldiko aurkezle Zuhaitz Gurrutxagak azaldu zuen moduan, "denetarik" egin du Azpizazuk Aloña Mendin: futbol zelaia karearekin margotu, Azkoagaineko tabernan zerbitzari ibili, oinarrizko futbol taldeen arteko partiduetan epaile izan, jokalarien fitxak tramitatu eta baita errifak saldu ere.
Esker hitzekin, eta txalo zaparradarrekin, jaso zuen Azpiazuk Aloña Mendin egindako ibilbideari emandako Boluntarioen saria. "Soldaduskatik bueltan, pertsona bat ikusi nuen bakarrik mutikoekin lanean Larrañan eta horri buelta bat emateko asmoz sartu nintzen elkartean. Bizpahiru urteren buruan, 25 urterekin, presidente izendatu ninduten eta Aitor Lopez Rekarteren aita fitxatu genuen entrenatzaile izateko. Idazkari ere izan naiz... Ibilbide luzea baina ona izan da. Aloña Mendirekin jarraituko dut nik osasuna dudan bitartean, Aupa Aloña eta aupa Gipuzkoako futbola".
Aloña Mendiko kideek ere zoriondu gura izan dute Azpiazu: "Gipuzkoako Futbol Federazioak hautagaiak aurkezteko aukera eman zuenean, Javierren ondoan egon garenok ez genuen inolako zalantzarik izan bere izena aurkezteko. Elkarteek aurkeztutako lagunen izenak eta euren ibilbidea aztertu dituzte, eta Javier Azpiazu aukeratu dute saria hori eskuratzeko. Zorionak, Javier! Merezi duzu sari hori, bai horixe!".
No hay comentarios:
Publicar un comentario