jueves, 13 de abril de 2023

Badator Aloñako Igoeraren XVIII. edizioa

 GOIENA




Datorren apirilaren 23an, domekan, jokatuko da lasterketa eta 350 korrikalarik parte hartuko dute; ordubetean agortu ziren dortsal guztiak. Aurten, bi berrikuntza txiki izango ditu lasterketak. Alde batetik, lasterketa doainik egiteko aukera eman dute antolatzaileek, eta, bestetik, lasterketa streaming bidez jarraitu ahal izango da lehen aldiz hemezortzi edizioetan

Azken ukituak eta prestakuntzak besterik ez dira falta, hurrengo domekan goizeko bederatzietan deabruak sua piztu eta honekin batera lehia hasteko. Aloñko Igoerak hemezortzigarren edizioa izango du aurtengoa eta urtero bezala arrakastatsua izateko osagaiak batu dituzte antolatzaileek. Urtero bezala 22,6 kilometro eta 1868 desnibel positiboko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek eta pasa den edizioan ez bezala, aurten, ez da aldaketarik izango ibilbidean.

Lasterketa goizeko bederatzietan hasiko da plazan bertan eta lehen korrikalaria goizeko hamaikak inguruan helmugan izatea espero dute; azkena berriz eguerdiko ordubatean.

Maila handiko parte-hartzea

Izen handiko lasterketa da Aloñako Igoera eta horren adibide da, urtetik urtera, izen ematea. Aurten, ordubetean dortsal guztiak agortu ziren eta 350 lasterkari izango dira irteera puntuan. Guztien horien artean, 74 oñatiar arituko dira eta Debagoienetik beste 70 korrikalari. Gainontzeko parte hartzaileak, Euskal Herriko txoko guztietatik iritsiko dira, baita estatutik ere. 

Nabarmentzeko izenen artean, Malen Osa edo Aitor Ajuria-renak daude. Malenek, iazko irabazlea izanik dortsala gordeta izan du ohi den bezala. Gizonezkoen kasuan berriz, iazko irabazlea izan zen eta 6 aldiz azkarrena izan den Walter Becerra ez da aurten Oñatin izango. Hauez gain, maila handiko beste hainbat korrikalarik parte hartuko dute emakumezkoetan zein gizonezkoetan, besteak beste, Ane Zabala, Maddi Mujika, Saioa Arkonada, Xabier Lete, Beñat Etxabe eta Jokin Etxabe anaiak, edota Aner Iñarra bezalakoak.

Bi berrikuntza

Ibilbideak aldaketarik izango ez duen arren, bi berrikuntza "txiki" sartu dituzte edizio berrirako. Alde batetik, korrikalariek lasterketa dohainik egiteko aukera izango dute. Horretarako izen ematea berbera izan da eta ordaindu ere egin dute, baina, lasterketa amaitu ostean, dirua itzuli egingo zaie eta ez dute oparirik jasoko; hogei pertsona izan dira aukera hau aprobetxatu nahi izan dutenak.

Bestalde, bigarren berrikuntza ikusleei zuzendutakoa izango da, lasterketa, lehen aldiz, streaming bidez jarraitu ahal izango delako. Herriko plazan, pantaila handi bat jarriko dute lasterketa zuzenean jarraitu ahal izateko, eta etxetik ikusi nahi duenak ere Aloñako Igoeraren Youtubeko kanalean izango du aukera.

Boluntario eta babesleei esker ona

Antolakuntzatik "oso eskertuta" agertu dira Aloñako Igoera aurrera eramaten lagundu duten guztiei, baina bai bereziki boluntario lanetan aritzen direnei eta babesleei ere. Lasterketa egunean bertan 100 boluntariotik gora arituko dira lanean ibilbide guztian zehar segurtasuna bermatzeko; horien artean dira Gurutze Gorriko langileak eta suhiltzaile boluntario taldea ere. Argi utzi nahi izan dute hauek gabe "ezinezkoa" izango zela lasterketa aurrera eramatea, eta babesleek emandako diru laguntzak ere azpimarratu nahi izan dituzte.

Azken hauen ekarpenak sariak ematerako garaian lagunduko du. Irabazleek, txapela janzteaz gain, 300 euro poltsikoratuko dituzte. Ez da ordea sari bakarra izango, hainbat banatuko direlako lasterketa amaitu ostean.

Egun guztiko festa

Lasterketa ez da soilik nagusientzat izango, etxeko txikienek ere aukera izango dutelako mendiarekin bat egiteko. Zazpigarren urtez Aloña Txiki antolatu dute, gazteen artean mendi-zaletasuna bultzatu nahian.

Baina aurtengoan bada beste gehigarri bat ere, Aloñako Igoera Puntaik Punta jaialdiaren barruan sartu dute eta egun guztiko egitaraua antolatu dute. Esaterako, lehen korrikalaria iristerako elektrotxaranga bat hasiko da kaleak girotzen, azken korrikalariarekin batera amaitu arte. Bitartean, azoka ere jarriko dute plazan bertan postu ezberdinekin.

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario