viernes, 24 de febrero de 2023

UDAL ARTXIBOKO LAU DOKUMENTU ZAHARBERRITUKO DIRA.

 2023/02/24.



XVI. mendeko epaile dokumentu bat, XVII. mendeko bi akta liburu eta XIX. mendeko ondasun aitorpen liburu bat

  Udal artxiboko dokumentu historikoak ahalik eta egoera onenean mantentzeko zaharberritze lanak egin behar izaten dira. Dokumentuen garrantzia, antzinatasuna, erabilgarritasuna edota egoera kontutan hartuta, hainbat liburu edo banakako agiri eta txostenak zaharberritzen dira urtero. Aurten, XVI, XVII eta XIX. mendeko lau liburu edo liburuki berrituko dira.
Zaharberrituko diren bi dokumentu XVII. mendeko Kontzejuaren erregistro edo bilduma dira, egungo akta liburuen pareko. Zaharrena, 1628koa, Asensio de Urtaza Hernani alkate izan zeneko lehen aldikoa da. Urtaza Hernani beste lau alditan izan zen Oñatiko alkate. Bigarrena berriz, Miguel de Anduaga alkate izan zeneko garaikoa da, 1680koa. Iñaki Zumaldek idatzitako artikulu baten arabera, Miguel de Anduaga Oñatiko 165. alkatea izan zen.

  Baina zaharberrituko diren lau dokumentuetan zaharrena 1589koa da; gatibu batzuen erreskateari buruzko epaile auzi-idatziak dira. Argibide askorik ez dugu dokumentu honen inguruan baina beharrean daudenei zuzendutako benefizentzia arloari dagokion dokumentu gisa sailkatuta dago udal artxiboan.

  Azkenik, eta berriena, 1890-1900 urte arteko ondasun aitorpen liburua da. Udalak duen zergen tramitazio eskumenaren ondorioz sortutako dokumentu berezia da. Herritarren ondasunen berri ematen du eta hasieran, liburua erabiltzeko jarraibideak ere azaltzen dira.

  Lau dokumentuetan oinarrizko zaharberritze lanak egingo dira, eta bakoitzaren egoeraren araberako esku-hartze bereziak egingo dira. Lehenik eta behin agiri bakoitza banan-banan aztertuko da tratamendu egokiena erabiltzeko. Teknikak zehazteko berezko osagaiak eta materialak aztertuko dira, paper mota eta PH edo garraztasun maila, tinta motak eta disolbagarritasuna. Aldaketek sortu ditzaketen arriskuak ere baloratuko dira. Kalitatezko kontserbazio materialak erabiliko dira, kasu guztietan, neutroak eta itzulgarriak. Zaharberritze lanok Marta Gatell enpresak egingo ditu eta 5.915 euroko aurrekontua dute.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario