2023/01/31.
Trantsizio energetikoko teknikaria kontratatu du Udalak, Energia Planaren garapena arintzeko.
Administrazioek trantsizio energetiko arloan eman beharreko urratsak arintzeko, eta, propio prestatutako langileen premia osatzeko, arloan aditu diren langileak kontratatzeko dirulaguntzak ematen ditu IHOBE erakundeak. Halakoa lortu zuen Oñatiko Udalak eta horren haritik kontratatu du trantsizio energetikoko teknikari berria, Xabier Igartua zinegotziak osteguneko Osoko Bilkuran argitu zuenez.
Udalak 8 puntuz osatutako Energia Plana zehaztu du eta horren garapenean lan egingo du teknikari berriak. Eraikin publikoetan energia murrizteko aukeren azterketa eginda, ekintza plana zehaztuko da eta kaleko argiterian teknologia berriak eta iraunkorrak erabiliko dira, argindar kontsumoa murrizteko. Baina trantsizio energetikoan eman asmo diren urratsak ez dira udal eraikinei edo baliabideei mugatzen, herritarrei zuzenduta, informazio bulego bat martxan jarri nahi da, etxeko argindar eta gas fakturak aztertu eta aholkuak emateko. Egitasmo guzti hauetan aktiboki parte hartuko du udal teknikari berriak.
Herritarrek argindarra prezio justuagoan lortzeko merkatuko espekulazio ekintzekiko dependentzia murrizteko helburua du Udalaren planak. Energia berriztagarrietan sakonduz, udalaren autosufizientziaren aldeko pausoak eman asmo dira argindar sorkuntzarako gune berriak gauzatuz, autokontsumorako plaka fotovoltaiko berriak jarriko dira eraikin publikoetan, lankidetzan oinarritutako iraunkortasun sarea osatzen jarraituko da eta, mugikortasun iraunkorra erdigunean, herriko gune ezberdinetan auto elektrikoendako karga puntuak jarriko dira, besteak beste.
Trantsizio energetikoko teknikari berria urtebeterako kontratatu du Udalak.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario