martes, 17 de enero de 2023

PAUSO BERRIAK.

 2023/01/17.



Formazio-praktikak egiten diharduen langileak maiatza-ekainera arte jarraituko du udaletxean lanean

  Adimen desgaitasuna duten pertsonen laneratzea helburu du Pauso Berriak izeneko egitasmoak, langile berrien garapen pertsonal eta soziala sustatuz. Horren harira, Saioa Garai Martin oñatiarra iazko martxoan hasi zen udaletxean lanean eta, hasieran, abendura arte jardun behar bazuen ere, maiatza-ekainera arte jarraituko du, 1.000 orduko formakuntza-praktikaldia osatuz. Udalak eta Atzegi-Gureak-ek zuten hitzarmena luzatzea erabaki dute.

  Pauso berriak egitasmoaren helburua, adimen desgaitasuna duten pertsonen autonomia sustatzea da, parte hartzen duten pertsonen garapen pertsonal, soziala eta lanekoa sustatuz. Baina beste helburu batzuk ere baditu: ingurune arrunteko enpresetan langile hauek dituzten gaitasunei ikusgarritasun positiboa ematea, lantaldeei eta parte hartzen duten enpresa edo erakundeei lan egiteko beste modu bat erakutsi eta lan esperientzia inklusibo baten bidez enpresaren balio sozialak praktikan erakustea eta gizarte erantzukizuna artikulatzen laguntzea, besteak beste.

  Saioa Garaik astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara, egiten du lan udaletxean, eta eguneko postaren banaketaz, egunkariak liburutegira eramateaz, bulegoko material horniketan laguntzeaz edota fotokopia-makinak egoki daudela ziurtatzeaz arduratzen da, beste zeregin batzuekin batera. Orain arteko lanketaren ebaluazioa egin zuten Udalak eta Atzegi-Gureak erakundeak eta positiboki baloratu zuten, formazio-praktikaldia 1.000 ordu osatu arte luzatzea adostuz.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario