lunes, 23 de enero de 2023

ARRATSALDEAN HASIKO DA ARRETA SOZIO-SANITARIO ARLOKO PRESTAKUNTZA IKASTAROA.

 2023/01/23.




15 laguneko taldea osatu da eta 450 orduko ikastaro teoriko-praktikoa gaindituta profesionaltasun ziurtagiri ofiziala jasoko dute

  Zubillagako Olaburu zentroan, 14:00etan hasiko da arreta sozio-sanitario arloko prestakuntza ikastaro hau. Plazak mugatuak ziren eta 15 lagunek egin ahal izango dute ikastaroa baina kasik beste horrenbeste geratu dira kanpoan. Udalak ikastaroa irailean errepikatzeko asmoa du. Izan ere, arreta sozio-sanitario arloan formatutako eta titulatutako jendea behar dela ikusi da, eta bide hori egiteko interesa duen herritar talde bat ere badagoela ikusi da. Udalak, Elkarzabal Integraziorako Elkartearekin, Bidebarri laneratze enpresarekin eta Bastida akademiarekin elkarlanean antolatu du ikastaroa, bereziki, arreta sozio-sanitario arloan lan egin nahi duten langabeei zuzenduta.

  Pasa den astean egin zen informazio saiora hogeitik gora lagun hurbildu ziren eta beste hainbatek parte hartzeko interesa azaldu zuen. Elkarrizketak egin dira guztiekin eta lehen ikastaro honetarako 15 hautatu dira. Gainontzekoei, irailean ikastaro berri bat hasiko dela jakinarazi zaie. Lehen aste honetan oinarrizko ezagutza orokorrak landuko dira, bereziki DBH titulua ez dutenei zuzenduta, konpetentzia proba bat gainditu beharko baitute. Arreta sozio-sanitario ikastaroari propio dagozkion edukiak berriz, datorren astean ematen hasiko dira.

  Ikastaroa, osotara, 450 ordukoa izango da; otsailetik ekainera alde teorikoa landuko da, nagusik, baina zenbait eduki praktiko ere tartekatuko dira eta uztailean praktikak egingo dira, eskualdeko egoitzetan. Amaieran, ikastaroa gainditzen dutenek, Lanbidek ematen duen agiri ofiziala eskuratuko dute.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario