viernes, 28 de octubre de 2022

HERRIBUSA KANPOSANTU ATARIRAINO JOANGO DA ASTEARTEAN.

 2022/10/28.



Bidaiariak postetxe aurrealdean hartu eta Arantzazurantz doanean kanposantura sartuko da

  Urteroko ohitura bihurtu da jada Domu Santu egunez Herribusa kanposantura joatearena, aukera urtero errepikatuz joan da 2019az geroztik, eta aurten ere hala egingo da asteartean. Kontuan hartu behar da bestalde, azaroaren 1ean neguko ordutegi berria indarrean sartuko dela Oñati-Arantzazu autobus zerbitzuan.

  Oñati eta Arantzazu arteko autobusaren ordutegia moldatu egingo da eta zerbitzua lehenago amaituko da. Arantzazura joateko azken autobusa 17:30tan irtengo da eta Arantzazutik berriz, 18:00tan. Udako ordutegian ordubete beranduago izaten dira azken zerbitzu horiek. Goizeko lehenak berriz, bere horretan mantenduko dira, 7:30tan herri gunean eta 8:00tan Arantzazun. Azaroaren 1arekin neguko ordutegia indarrean sartzen da Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzuan, martxoko azken domekara arte.

  Eta azaroaren lehen egun horretan, Domu Santu egunean alegia, Oñati-Arantzazu zerbitzuak kanposantura sartuko denaren berezitasuna dauka. Baina askok aurreko egun hauek aprobetxatuko dituzte hilerrira joan-etorria egiteko, asteburu-zubia tarteko. Gogoan hartu halakoetan lapurrak ere inguruetan bueltaka ibili ohi direla. Poltsa edo bestelako ondasunak lapurtu dizkietenaren salaketak ugaldu egiten dira aurreko egunotan. Asko hilobiak garbitu edo loreak uztera sartzen dira eta autoetan edo hilerrian bertan poltsak eta bestelakoak zaintzarik gabe uzten dituzte. Minutu gutxi batzuk nahikoak dira bueltan ez topatzeko. Poltsak eta bestelako ondasunak begi bistan ez uzteko eta autoak giltzaz ixteko gomendioa ematen duten ohartarazpenak gaur jarriko dira hilerri inguruan. Udaltzainek gainera, inguruko zaintza areagotu dute.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario