2022/10/14.
Oñatitik Elorregi alderako trafikoa Zubillagako errepide zaharretik bideratuko da
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, astelehenean hasiko dira asfaltatze lanak egiten Oñati eta Elorregi lotzen dituen GI-2630 errepidean, Zubillagako saihesbideari dagokion tartean, hau da, Santxolopetegi eta Osinurdin biribilguneen artean.
Trafikoa arindu eta lan horien iraupena murrizteko asmoz, Oñatitik Bergara-Arrasaterako bidean doan trafikoa Zubillaga auzo barrutik doan errepide zaharretik bideratuko da. Elorregitik datozen ibilgailuak berriz, saihesbidetik bideratuko dira, aldian-aldian libre dagoen erreitik. Izan ere, asfaltatze lanak hala egingo dira, errei batean lehenik eta bestean ondoren. Asfaltatze lan hauek 5 egunetan egitea aurreikusten da, beti ere eguraldiak laguntzen badu.
Baina GI-2630 errepidean Aldundiak egin asmo dituen zorua birgaitzeko lanak hiru kilometrotan egingo dira, Santxolopetegiko biribilgune parean dagoen 20. KP-tik Elorregiko biribilgunera iritsi baino metro batzuk lehenago dagoen 23. KP-ra arte. Osinurdinetik Elorregirako tarte horretan lanak noiz eta nola egingo diren ez du jakinarazi Foru Aldundiak, oraingoz.
Datorren astean, eguraldia lagun, Zubillagako saihesbideari dagozkion lanak egingo dira astelehenetik ostiralera eta, ondorioz, Oñatitik doazen ibilgailuak Zubillaga auzotik barrena, errepide zaharretik bideratuko dira.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario