2022/07/11.
CECA Oñati filatelia eta numismatika elkarteak oroimen-omenaldi seiluak egiteko ohitura du, herrian urteurren edo ospakizun bereziren bat betetzen denean. Eta halaxe egin du, beste behin, Arantzazuko santutegia suntsitu zuen bigarren sutea gogoan hartuta seilu eta postala argitaratuz. Sute hura gertatu zela 400 urte beteko dira ostegunean, uztailaren 14an.
Arantzazuko santutegian piztu zen bigarren sute handi hori oso gogorra izan zen eta eraikina kasik osorik suntsitu zuen. 1553ko lehen sutearen ondoren eraiki zen kapera berria, gelaxka batzuk eta liburu gutxi batzuk bakarrik libratu ziren. Ama Birjinaren irudia ere salbatu zuten eta bide ertzeko ermitatxora eraman zuten. Berria berehala zabaldu zen eta erromesak eta limosnak iristen hasi ziren. Hiru hilabeteko epean 500 dukat eta 2.000 dukateko balioa zuen zura biltzea lortu zen. Hala, bi hilabete baino lehen eliza estali zuten eta etxea estaltzeko lanak hasi zituzten. Gertaera historiko hori gogoan seilu eta postal berri bana argitaratu ditu CECA Oñati taldeak. Laster, Turismo bulegoan eskuratu ahal izango dira.
CECA taldearen oroimenezko seilu eta postalen zerrenda luzatuz doa; 2007an Aita Madinari eskainitakoak atera zituen, 2010ean, Bidaurretako Monasterioari eta Borjako San Frantziskori eskainitakoak. 2015ean, Demetrio Iriarte eta Jose Mari Arizmendiarrietari eskainitakoak 2016ean, Francisco Esnal parrokiako organujolea izan zenari eta 2019an Arantzazuko artistei eskainitakoak: Oteiza, Alvarez de Eulate eta Saenz de Oizari eskainitakoak, hain zuzen. 2020an Hijinio Iriarte eta iaz Agustin Zarketa txistulariak izan ziren protagonistak.
Iturria: Oñati Irratia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario