Diputatuen kontseiluak atzera bota du GI-2630 errepidean, Goribarren, biribilgunea egiteko proiektuaren kontrako errekurtsoa
2022/02/16
Pasa den azaroaren 30ean behin betikoz onartu zuen Diputatuen kontseiluak berak GI-2630 errepidean, 18,250 KP-an Goribarko biribilgunea izango dena egiteko proiektua. Aurrez, Urbieta baserrikoek aurkeztutako alegazioak ezeztatu ziren. Urtarrilaren 12ko dataz aipatu erabakiaren aurka berraztertze errekurtsoa aurkeztu zen baina hori ere atzera bota du Diputatuen kontseiluak, otsailaren 8an egindako bileran. Honenbestez, Goribarko errotondari aurreikusitako leku eta moduan eratzeari eutsi egiten dio Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuak.
Biribilgunea, GI-2630 errepidearen 18,250 KPan Urbieta baserriaren sarreratik metro batzuetara eratzea aurreikusten da. Biribilguneak 40 metroko kanpo diametroa hartuko du, 6 metroko zabalera duen eraztun erreia eta 12,5 metroko barne erradioa izango dituelarik. Bide adar bakoitzak zirkulaziorako sarrera eta irteera errei bana izango ditu eta horiek lerrokadura kurboak dituzten irlatxo deflektorez osatuko dira, hurbiltze abiadura murriztera bultzatu eta ibilgailuak zirkulazio birakarian sartzea errazteko. Era berean, espaloia eraikiko da Kasablanka aldera eta Torreauzoko bidegurutze aldera. Proiektuaren lizitazio aurrekontua 499.549,40 euro da eta lau hilabeteko exekuzio epea zehaztu du Diputazioak.
Lanak aurten bertan hasi asmo dira baina oraindik ez da datarik zehaztu eta aurretik egin beharreko lizitazio prozedura ere ez da abiatu.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario