martes, 19 de octubre de 2021

VALLADOLIDEKO EUSKAL JAIAN PARTE HARTUKO DU OÑATZ DANTZA TALDEAK ASTEBURUAN.

 2021/10/19

Card image cap
(Arg: Txintxarri.eus)
Santo Domingo de Guzman elizan Korpus dantzak eskainiko dituzte, besteak beste

  Valladolideko Gure txokoa euskal etxeak gonbidatuta joango dira Oñatzekoak hiriburu gaztelarrera, asteburuan ospatuko den Euskal Jaian parte hartzera. Dantzari eta txistularien artean 35 laguneko taldea osatuko dute.

  Larunbat eguerdian abiatuko dira Oñatitik eta 19:30tan izango dute lehenengo funtzioa, Santo Domingo de Guzman elizan. Euskal etxeko abesbatzak kantatuko duen mezan Korpus dantzak egingo dituzte oñatiarrek. Ondoren, meza ostean, 20-25 minutuko dantza saio laburra eskainiko dute eliza atarian. Domekan berriz, hiriko plaza nagusitik abiatuko den kalejira osatuko dute, ibilbideko hiruzpalau gunetan dantza saioak eskainiz. Bazkalostean itzuliko dira Oñatira.

  Euskal kultura, folklore, kirol eta gastronomiaren erakusleiho bihurtuko da Valladolideko Euskal jaia asteburuan. Oñatz dantza eta Aita Madina txistulari taldeen erakustaldiaz gain, herri kirolak eta beste hainbat ekitaldi antolatu dira.

  Ezustean hartu ditu Oñatz dantza taldeko kideak Valladolidetik iritsi zaien gonbidapenak, ez baitzuten bertan egiten den ospakizunaren berririk, baina aukera probestea erabaki dute. Irailaren 26ko jaialdirako prestatutako hainbat dantza erakutsiko dituzte. Gaztelara egingo duten asteburu-irteeraren ondoren Iruñera joango dira Duguna taldeak gonbidatuta. Nafarrek Oñatira apirilean egin zuten bisita itzuliko diete azaroaren 13an.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario