martes, 29 de junio de 2021

CARLOS NUÑEZ"CELTIC BEETHOVEN".

 

Carlos Nuñezek “Celtic Beethoven” kontzertua emango du Arantzazun, Musika Hamabostaldiaren baitan

2021/06/29.

Card image cap
Gaur jarri dira sarrerak salgai

  Osasun krisiak eragindako iazko etenaldiaren ondoren Musika Hamabostaldiaren hitzordua Arantzazura itzuliko da abuztuaren 20an. Hamabostaldiaren ziklo bidaiarienak Donostiako mugak gainditzeko proposamenak egin ohi ditu eta Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko hainbat lekutara hurbilduko da aurten. Musika Aitzaki zikloak, 15 kontzertu eskainiko ditu guztira. Aurtengo proposamenen artean esanguratsuak dira Getarian Juan Sebastian Elkanori egingo zaion omenaldia, abuztuaren 4an; Tetraphilla Ensemble taldearen emanaldia Ignatius 500 ospakizunetan, abuztuaren 19an, Loiolako Santutegian; baita Antton Valverde eta Harkaitz Canoren arteko lankidetza musikal-poetikoa Hondarribiako Itsas Etxean, abuztuaren 26an. Aurten gainera jaialdiak Arabarekin duen harremana sendotuko du, zazpi kontzerturekin, Hamabostaldia Araban ekimenaren bidez.

  Eta eskaintza honen baitan kokatzen da baita ere Hamabostaldiak Arantzazun izan ohi duen hitzordua. Santutegian abuztuaren 20an musika klasikoaren eta folkaren arteko fusioa entzun ahal izango da, Celtic Beethoven izenpean. Beethovenen musikaren berrinterpretazioa gauzatuko dute hainbat musikarik Carlos Núñez gaita-jole galiziarra gidari dutela.

  Carlos Nuñezek omenaldia eskainiko dio Beethoveni bere jaiotzaren 250. urteurrenean. Konpositoreak idatzitako hainbat obra interpretatuko dira irlandar, eskoziar edo galestar melodietan oinarrituta. Sarrerak gaur bertan jarri dira salgai Musika Hamabostaldiko web atarian 14 eta 20 eurotan.

  Donostiako 82. Musika Hamabostaldiak normaltasunerako itzuleraren alde egingo du apustu. 2020ko edizio murriztuaren ondoren, anbizio handiko egitarau zabala berreskuratu da aurten eta ohiko zikloei berriro helduz 75 kontzertu eskainiko dira guztira, abuztuan zehar. Nabarmentzekoa da Orchestre Philharmonique du Luxembourg edo Budapest Festival Orchestra bezalako nazioarteko orkestren itzulera, mundu mailako bakarlari entzutetsuenetako batzuk gonbidatu izana eta iazko edizioan jaialditik kanpo utzi behar izan ziren hitzordu sinfoniko-koralak, besteak beste. Dantzak ere leku berezia izango du egitarauan. Aurten bost estreinaldi izango dira Musika Hamabostaldiaren baitan, tartean, ekoizpen propioa den Hirira, Easo Eskolaniako eta Easo Gazte Abesbatzako haurrek oholtzara eramango duten haurrentzako opera.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario