Hasi dira bizikletentzako aparkaleku estaliak jartzen azoka ondoan
2021/04/20.
Partaidetzazko Aurrekontuak 2019-2020 egitasmoan herritarrek hautatu zuten inbertsioetako bat da bizikletentzako aparkaleku estaliak jartzearena. Hasieran bost kokalekutan jartzea aurreikusi zen baina lekuak bertatik bertara ikusita biren instalazioa atzeratzea erabaki da, oraingoz. Urgain-Errekalde eskola eta Azkoagain inguruanez dira halakoak jarriko, oraingoz, bai ordea, azoka aldamenean, Santa Marina plazan eta institutu ondoan. Aparkalekuak kokatzeko zuloak gertu zeuden eta atzo bertan hasi ziren azoka ondokoa muntatzen.
Estalkia polikarbonozkoa eta gardena izango da, inklinatua eta euri-urak batzeko sistema daukana, bizikletak busti ez daitezen. Kokapenaren arabera tamaina ezberdineko estalkiak instalatuko dira: azoka alboan muntatzen hasi direnak eta Santa Marinakoak 6,5 metro neurtuko dute eta institutu ondokoa handiagoa izango da, 8,5 metrokoa.
Globalia Urbanismo Integral Leongo enpresak eskuratu zuen bizikletentzako aparkaleku estaliak hornitu eta instalatzeko kontratua 35.000 eurotan, hau da, udalak zehaztutako esleipen aurrekontua 16.000 eurotan merkatuta.
Herriko ikasleen mugikortasunean eragin eta eskolarako joan-etorria modu jasangarrian egitea sustatu nahi da azpiegitura hauek ikastetxe inguruetan jarrita. Muntatzen hasi diren bizikletentzako aparkaleku estali hauek udaltzaingoaren eraikin ondoan egokitu zen gunearekin osatuko da. Bizikletentzako aparkaleku estaliak ez ezik, Santa Anako hormaren kontra patineteak uzteko elementu berriak ere jarri dira. Lau modulu instalatu dira baina bosgarren bat jartzea aurreikusten da, lekua baitago.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario