Manuel Umerezek 1805ean idatzitako eskuizkribua digitalizatu egin du Udalak, Gipuzkoako artxibo historikoaren laguntzaz
2021/03/24.
Manuel Umerez Goribargoitia abadea zen eta bere iloba eta nekazari /adiskide bati zuzenduta bi eskuizkribu idatzi zituen XIX. mende hasieran, biak euskaraz. Idatziak ezagunak ziren, besteak beste, Jerardo Elorzak aztertu zituen, baina originalaren jabetza partikularra izateak ikerketarako zailtasunak sortzen zituen. Hori jakinik, eta eskuizkribuen kopia on bat izan eta kontsultatu nahi duen ororen eskura jartzeko helburuz, dokumentuak digitalizatzea erabaki zuen Udalak. Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikora jo zen, lana egiteko bitartekoak baitituzte, eta artxiboan digitalizatu dituzte bi dokumentuak.
Osaba baten instruccinuac bere Illoba Ezcondu eta Necazari batentzat bere eta bere Familiaren gobiernu oneraco Jaungoicoaren Legue santubagaz conforme eta Errectore Jaun baten instruccinuac ezconduric vizi dan bere Adisquide Necazari batentzat bere eta bere Familiaren gobiernu oneraco Jaungoicoaren Legue santu-bagaz conforme dira bi eskuizkribuak. Originalak Jose Ramon Arrazolarenak dira eta honi eskatuta artxibo historikora eraman ziren digitalizatzea, otsailean.
Lana amaitu da eta aurkezpena arratsaldean egingo da Gipuzkoako artxibo historikoan bertan. Udaleko eta artxiboko ordezkariekin batera, dokumentuen jabea eta eskuizkribuak aztertzen diharduen Oxel Uribe-Etxebarria euskal filologo eta EHUko ikerlaria ere egongo dira ekitaldian.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario