Euskara arkaikoan idatzita dago, eta Oñatin aurkitu dute, Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialean. 1508 eta 1521 artean idatzia izan zela uste dute adituek.
Notario agiri honen ertzetan aurkitu dute euskarazko poemaren zirriborroa GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
«Ene laztan gozo ederra...». Hala hasten da Azkoitiko (Gipuzkoa) XVI. mendearen hasierako notario protokolo batean aurkitu duten euskarazko testua. Rosa Aierbe doktoreak aurkitu zuen, hain zuzen ere, Oñatiko artxibategian, ikerketa bat egiten ari zela, eta baita artxibategiko arduradunei jakinarazi ere.
Miguel Ibañez Insausti eskribauaren protokolo batean aurkitu zituen hitzok Aierbek; zehazki, 1503 eta 1522 bitarteko notario eskrituretan, eta uste da testuaren egilea Insaustiren eskribautegian lan egin zuten eskribauetako bat izan daitekeela. Datari dagokionez, idazketa motak eta letra berarekin datatu eta idatzitako beste dokumentu askoren presentzia ikusita, 1508 eta 1521 artean idatzi zela ondorioztatu dute ikerlariek, behin-behinean.
Artxiboko lantaldeak, Iago Irijoa doktorearen laguntzarekin, eskuizkribuaren transkripzio bat proposatu du, behin-behinean hori ere. Hau da proposamena:
«Ene laztan gozo ederra
penaz penaçen naçu.
Orreyn culez ninduçula
Nola amora nençaçun
ori escuan ezpata?
Çeure escuoz naraçu
andicoz eta ebeticoz
Barcaçio diqueçut ezcutaria, usatu eztet arma guiza erayten lecobidi guiçon gaztea
Amore minez penaçen
olloa lumaz estari
ni amorez yçerdi
ene barco negarretan
Çaldiac baduezi leyara. Niri juan çatan neure amorea, leena ezquero, on daducat neure vioçean barruna.
Goyçean goyçic jaqui ninçan, astean egun batean astean egun batean, da asteleen goyçean.
Neure laztan «velaga», jarri çequidan aurrean
Neurc nay eneban vian, «çaoncaur» aldean
Colpe andiaç jo nenguian, vioç onen erdian.
Elizara nijoean, colpea ar neçanean
Velauric jarri ninçan, alderean aurrean
Neure vecatuas confesatu eguin baninç bequela,
Penetençia eman çidan, vide nevan bequela
Vitarteco ema[...] ni[...]gon...».
Zailtasunak eta balioa
Testua bera idazketa proba moduko bat da, eta euskarazko esaldiak gaztelaniazko testu batek uzten dituen zirrikituen artean idatzita daude, orrialde baten ertzetan. Testua digitalizatuta eta Gipuzkoako Artxiboen Atariaren bidez kontsultagarri egon da denbora batean, baina oharkabean pasatu da orain artean.
Ander Ros Cubas filologoak jakinarazi duenez —berak egin du eskuizkribuaren ikerketa filologikoa—, zailtasun handiak izan dituzte testua behar bezala transkribatzeko. Poema zirriborro batzuen tankera hartu diote orain artean agiria ikertu dutenek, baina testuak ikerketa sakon bat eskatzen duela nabarmendu du. Erantsi duenez, bada poema bat, eta bigarren baten lehen lerroa izan daitekeena ere bai. Euskaraz orain artean aurkitu diren poemarik zaharrenak izan daitezkeela azpimarratu du; «eta testuon aurretik halakoak idazteko tradizio luzea bazela ikusten da».
Donostian aurkeztu dute agiria, Koldo Mitxelena liburutegiko ikasketa gelan. Ros filologoaren ondoan izan dira Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Harkaitz Millan Kultura diputatua, eta aurkikuntzak garrantzi handia duela nabarmendu dute denek, XVI. mende hasierako euskarazko testu oso gutxi ezagutzen delako eta mikrotestuak direlako gaur egun arte iritsi diren ia guztiak.
Rosen arabera, «testuko hitz batzuk gipuzkera arkaikoan idatzita daude, eta bakanetakoa da, eta horietatik zaharrena, ia bakarra». Testuak izan dezakeen garrantziari dagokionez, filologoaren ustez, kontuan hartu behar da Oñatin aurkitutako konposizio poetikoaren garrantzia: «Izan ere, Lazarragaren lana eta Julen Arriolabengoak aurkitutako Ibarguen-Cachopin eskuizkribua izan ezik, aspaldian ez baitzen euskara arkaikoan idatzitako testurik agertzen».
Eskuizkribua Donostian egongo da ikusgai datozen bi asteetan, Koldo Mitxelena kulturuneko sarreran.
No hay comentarios:
Publicar un comentario