Oñatiko elkartasun biltegiko arduradunek dei berezi bat egin dute botikak jasotzeko. Horrez gain, maleten, josteko makinen, bizikleten eta sukaldean jarduteko tresnen beharra ere badutela gaineratu dute.
Azken astetan herriko farmazietan bildu dituzten medikamentu guztiak Aita Mari itsasontzira bidali dituzte Oñatiko elkartasun taldeek. Baina produktu horiek erosten diru kantitate handia joaten zaiela adierazi die hango boluntarioek eta horregatik, herritarren artean zabaldu gura dute sendagai beharraren mezua; erabiltzen ari ez diren botikak elkartasun biltegira eramateko eskaera egin dute, beraiek itsas salbamenduko Aita Mari itsasontzira helarazteko gero.
Sendagaiez gain, baina, beste produktu batzuen beharra ere badute herrian bertan banatzeko:
- Maletak: beharrezkoak dituzte Larrañako errefuxiatuek
- Josteko makinak: Oñatin bizi diren familia sahararrek hartuko lituzkete, etxean arropa josteko
- Helduendako bizikletak: batez ere Sahara eta Elkar Zabal proiektuetan ari direnek erabiltzeko dira, lanera eta eskolara joateko
- Motxilak eta bidaiarako poltsak: Larrañako eta beste errefuxiatu batzuen beharra
- Lapikoak, zartaginak eta mahai-tresnak: elkartasun proiektuetarako
Biltegiaren ordutegia
Elkartasun biltegia Kale Zaharreko 50 eta 52 zenbakietan dago eta hauxe da ordutegia: 10:30etik 12:00etara eta 17:30etik 19:00etara.
No hay comentarios:
Publicar un comentario