jueves, 12 de noviembre de 2020

Aurrekontuetarako lanketa eginda du Oñatiko EAJ-ko udal taldeak.

goiena


Aurrekontuetarako lanketa eginda du Oñatiko EAJ-ko udal taldeak
Oñatiko EAJ-ko udal taldea pandemia aurretik ateratako argazkian.

Datorren urteko aurrekontuetarako proposamenak landu eta bildu ditu Eusko alderdi Jeltzaleko udal taldeak eta udal gobernuak dituenekin partekatu eta "aurrekontuak elkarlanean lantzea eta adostea" gurako luke. abenduan onartzea da asmoa.

"Ez ohiko egoeran" egon arren, "herria eraikitzen" jarraitu behar dutela uste dute jeltzaleek eta 2021korako proposamenak landu eta bilduta ditu EAJ-ko udal taldeak. "Proposamenak dira, ez dugu diru kopururik jarri, beharrezkoak ikusten ditugun proiektu edo lanak dira. Udal Gobernuak dituen asmoekin partekatu gurako genituzke, datorren urteko aurrekontuak elkarrekin lantzeko eta adosteko", azaldu du udaleko bozeramaile jeltzaleak, Ainhoa Galdosek.

Lehengoak eta berriak

Galdosen esanetan bospasei ardatz nagusitan bildu dituzte proposamen horiek: tokiko ekonomia, kultura eta hezkuntza, oñatiarren beharretara egokitutako herri jasangarria eta kirola eta osasuna. "Uste dugu egingarriak diren proposamenak direla denak, inbertsio handirik ere ez dute eskatzen batzuk. Datorren urteko aurrekontuetan txertatzea borondate politiko kontua da".

Pandemiak merkataritzan eta ostalaritzan eragindako ondorioak "handiak" direla ikusita, laguntzetarako diru lerro bat proposatu dute jeltzaleek sozioekonomia sailean, "Udalak eman eta Jaurlaritzak ere iragarri ditu, baina badute laguntzen beharra". Sektore horretako langileendako digitalizazio formazioa eta baserritarren produktuak banatzeko kanala sortzea dira beste ideietako bi.

Oñati Lagunkoia programan sartzea, kultura sariak antolatzea eta Urrutxu kirol gune bihurtzea, atletismo pista bat eginez adi-bidez, berriz jaso dituzte proposamenen artean. Horiekin batera, liburutegia hornitzeko beharra ere ikusten dute, eta musika eskolaren beharrak betetzeko proiektua martxan jartzeko bidea hastea ere gurako lukete jeltzaleek. Bestalde, irisgarritasun lanen faseak aurreratzea, Murgian eta Berezaon argiteria hobetzea, Azkoagaini irtenbidea ematea eta "aurrekontu parte-hartzailetan herritarrek eskatutako" adinekoendako jolas parkea egitea ere jaso dituzte. Baita Arantzazuko komunak konpontzea ere.

"Pintaketak eta patinetearen erabilera arautuko duen bizikidetza ordenantza" bat ere beharrezkoa ikusten dute jeltzaleek Oñatin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario